Kalbario errekak trazadura berria izanen du Plaza Zaharraren inguruan, Nafarroako Gobernuaren 500.000 euroko inbertsioari esker. Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak jarduera eginen den gunea bisitatu zuten joan den ortziralean, errekak ura garraiatzeko duen ahalmena hobetzeko. Bisitan, Jesus Mari Rodriguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Esteban Agirre Berako hirigintza zinegotzia eta obrez arduratzen diren teknikariak izan ziren.
Aipatzekoa da jarduketa 497.390,76 euroko kreditu berezi bati esker gauzatzen ari dela. Presako kreditu bat da, joan den urtarrilean izandako eurite handiek eragin handia izan zutelako. Gainerako inbertsioa, aurrekontu osoko 575.850,84 euro osatu arte, Berako udalaren kontura izanen da.
Euriteak zuloa eragin zuen errekaren hasieran, eta, horren ondorioz, lurra eraman zuen errekak, Plaza Zaharreko etxebizitzen hegoaldean dagoen puntu batean. Uraren presioak kanalizazioa hautsi zuen eta, ondorioz, errekak lurpean bertze ibilbide bat hartu zuen urak.
Errekak gainezka egiteagatik eta egiturako afekzioak zirela-eta, Plaza Zaharreko inguru horretako etxebizitzak aldi baterako hustu zituzten orduan.
Obraren xehetasunak
Lurpean kanalizazio berri bat eraikiko da Kalbario erreka pasatzeko, Plaza Zaharretik garbitegiaren ingururaino, eta han betiko trazadurarekin lotuko da. Kanalizazioa hainbat zatitan banatzen da. Lehenengoak 21,16 metroko luzera duen aire zabaleko ubidea du, eta oinarrian 2 metroko trapezio-forma eta harri-lubetaz babestutako alboko ezpondak ditu.
Bigarren tartean, hormigoi armatuarekin egindako kanal angeluzuzen bat dago, 1,4 metroko zabalerakoa oinarrian, eta eskailera maila batzuk ditu, Plaza Zaharraren azpitik lurpeko galerian doan tartera iristeko behar den kotaraino. 14,59 metroko luzera duen tarte horretan, sareta bat paratuko da goiko aldean eta segurtasuneko baranda metaliko bat.
Azkenik, azken tartea malda handieneko errepidearen azpitik igarotzen da, garbitegiaren kotara iritsi arte. Han, dagoen galeriarekin lotzen da, paretaren azpiko pasabide batetik.