Andoni Iribarren Indaburu

«Musika egiteko eta ongi pasatzeko elkartzen gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 10a, 08:00

Etxalarko gaztea da Andoni Iribarren Indaburu, eta bere BMX zaletasunaz eta musika taldeaz aritu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Zaila da norberak bere burua definitzea. Pertsona arrunta naiz,nire alde on eta txarrekin.

Zein dira zure zaletasunak?

Pilotan jokatzea, bizikletan ibiltzea, musika, motorsport mundua…eta bertze hainbat.

Noiz hasi zinen bizikletarekin BMX egiten?

Herrian ttikitatik ibili izan gara bizikletarekin saltoka, eta institutura joatean inguruko herrietako gazteek BMX egiten zutela ikustean atentzioa eman zidan.Orduan pixkanaka praktikatzen hasi nintzen lagunekin, gaur arte.

Zer da BMXa zehazki?

Funtsean, bizikletarekin saltoka ibiltzeko lasterketak, skateparkean, karrikan edo lurrezko pistetan. Batzuek saltoekin batera trukoak ere egiten dituzte, bertzeek salto hutsekin gozatzen dute… modu aunitz daude kirola hau egiteko.

Zaletasun hutsa da?

Bai, ez dut sekula lehiaketa batean parte hartu eta ez dut uste horretarako balio dudanik. Nire kontura ibiltzea gustatzen zait, bakarrik edo bertze norbaitekin.

Bateria jotzailea zara, ezta?

Bai, duela 13 urte inguru hasi nintzen Berako musika eskolan klaseak hartzen eta gero nire kontura.

Eta musika talde bat sortu duzue herrian?

Hala da, bai. Duela pare bat urte herriko lagun batzuen artean musika egiteko gogoa sortu zen eta entsegu batzuk egiten hasi ginen.Taldekideak Oier eta Markel Iturria, Eñaut Iparragirre,Unai Arburua eta ni gara. Momentuz ez dugu izenik, noizbehinka elkartu eta ongi pasatzeko bertzerik ez baita.

Zein musika mota jotzen duzue?

Talde ezagunen bertsioak, rocka eta punka, baita heavy metal pizar bat ere. Gure kanta batzuk ere sortu ditugu.

Herriko bestetan estreinakoz jo zenuten…

Bai, eta kristoren esperientzia izan zen. Bat-bateko gauza izan zen eta bizpahiru kanta prestatu genituen, baina jende dezente agertu zen eta giro polita sortu zen. Gau polita izan zen. Hurrengo kontzertua heldu den urteko bestetan egiteko asmoa dugu, edo lehenago, akaso.

Zure asmoak epe motzera?

Neure buruarekin eta hurbilekoekin kontent bizitzea.

Eta epe luzera?

Denborak erranen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun