Mairu antzerki tailerrak ‘Intxaurra’ taularatuko du abenduaren 10ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 8a, 08:00

Mairu antzerki tailerreko Juanen Saralegi, 'Intxaurra' antzezlanean.

Larunbatean 19:00etan hasiko da Harriondoa kultur etxean Keiru Antzerki Zikloaren hirugarren emanaldia

Mairu Antzerki tailerrak Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako Keinu Leihoak Antzerki zikloaren hemezortzigarren edizioa asteotan egiten ari dira Lesakan.  Abenduaren 10ean, larunbatean 19:00etan Harriondoa kultur etxean, Intxaurra lana eskainiko du Mairu antzerki tailerrak, ziklo honetako hirugarrena. Sarrera 6 euro kostako da.

Sinopsia

Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Burutan du bere garaian konponbideren bat aurkitu zuela, baina ez du zehaztasunez gogoratzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Bere eldarnio eta ametsetan, familiaren iraganeko hiru mamuren agerpenek, babesa eta konpainia eskaintzen diote. Hala ere, gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.

Hain zuzen, azaroaren 18an Azpeitian estreinatu zuen Mairuk Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi duen antzezlan hau. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch ari da zuzendaritza lanetan. Arnasguneen garrantzia islatzen duen antzezlana prestatzeko egonaldia egin zuten Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean eta orain herriz herri biran hasiak dira, UEMAko kide diren herrietan. Lesakako emanaldia baino lehen, abenduaren 3an Iruritan, abenduaren 4an Markina-Xemeinen eta gaur Abaltzisketan taularatuko dute Intxaurra.

Zikloko azkena abenduaren 17an

Azkenik, Keinu Leihoak zikloa bukatzeko, abenduaren 17an, larunbatean 19:00etan Metrokoadroka antzerki taldearen Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana eskainiko du Harriondoan. Sarrera 6 euro kostako da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun