Milioi bat euroko aurrekontua izanen du 2023an Etxalarko Udalak eta aho batez onartu dira azkeneko bilkuran

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 4a, 12:00

2023an 1.005.000 euroko aurrekontua izanen du Etxalarko udalak, iaz baino % 8 gehiago.

Milioi bat euroko aurrekontutik ia heren bat (332.500 €) inbertsioak eta moldaketak egiteko bideratuko dituzte. Inbertsiorik handiena karriketako argiak berritzen eginen da (112.000 €), eta gainerakoa, udan ihartu ziren zuhaitz-landareak aldatzen, uholdeak egin zituen kalteak konpontzen, Herriko Etxeko leihoak eta berokuntza sistema egokitzen eta Zugarramurdiko bidea konpontzen erabiliko da.

Kontrako botorik gabe onartu dituzte azaro hondarreko osoko bilkuran 2023ko udal aurrekontuak. Zehazki, 1.005.000 eurokoa izanen da, 2022ko aurrekontua baino % 8 gehiago.

Aurrekontuaren heren bat inbertsioak eta mantentze-lanak egiteko erabiliko da

Bertze urte batez, aurrekontuaren zati haundi bat karrikako argiak berritzeko erabiliko da eta, hartara, orain dauden bonbilla zaharrak kendu eta kontsumo ttikiagoa eta efizientzia hobea duten LED  bonbillekin ordezkatuko dira. Zehazki, 112.000 euro gorde dira horretarako eta osorik Espainiako Gobernuak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bitartez ematen duen dirulaguntzarekin finantzatuko da.

Eta inbertsioen kapituluan sartzen baita, herriko uraren hoditerian noizbehinka gertatzen diren hodi-lehertzerik ez izateko instalatu nahi den ur-presio erregulatzaile bat jartzea ere. Presio erregulatzaile honi esker konponbidea eman nahi zaio noizbehinka hodi bat lehertzearen ondorioz gertatzen diren ur-mozketei. Horren aurrekontua 12.000 eurokoa da.

Baina horietaz gain, bertze zenbait lan ere egin nahi dituzte heldu den urtean. Aipagarriena, uda honetako beroaren ondorioz ihartu diren zuhaitz-landareak ordezkatzeko eta garbiketa lanak egiteko 58.000 euro gordeko dira. Honetarako Nafarroako Gobernuak 38.000 euroko laguntza emanen du.

Zugarramurdi eta Baztan aldera doan bidea konpontzeko eta baserri inguruetako azpiegiturak moldatzeko 30.000 euro altxatu dituzte heldu den urterako. Eta horrekin batera, Arbozta eta Urritzokieta aldean pasa den neguko uholdeek sortu zituzten kalteak moldatzeko 52.000 euro aurreikusi dituzte, eta bertze 12.000 euro bideetan izaten diren erorkak konpontzeko. Lan hauetarako Nafarroako eta Espainiako Gobernuen dirulaguntzak hitzartuak ditu udalak.

Eta bukatzeko, Herriko Etxeko leihoak eta berokuntza sistema berritzeko 53.000 euro erreserbatu ditu udalak, eta Nafarroako Gobernuak 39.000 euroko laguntza ematea aurreikusia dute. Azkenik, udalak bankuekin dituen maileguak kitatzeko 22.000 euro gorde ditu.

Transferentziak mankomunitate eta zerbitzuetara

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari 25.000 euroko ekarpena eginen dio Etxalarko udalak; Bortzirietako Euskara Mankomunitateari 30.000 euroko ekarpena; Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuaren funtzionamenduari 6.000 euroko ekarpena; UEMAri 6.000 euroko ekarpena; Cederna Garalur garapen agentziari 5.000 euro; Uraren Bailarak Turismo elkargoari 3.500 euro eta Udalbiltzari 2.000 euroko ekarpena. Azkenik, herriko elkarteek egiten dituzten kultur eta kirol jardueretan laguntzeko (Gasna Feria, Kultur Astea, Haurren Eguna eta abar, 6.000 euro bideratuko ditu heldu den urtean Etxalarko Udalak.

Diru-sarrerak

Diru-sarrerei dagokienez, gorago aipatu diren Nafarroako eta Espainiako Gobernuetako laguntzak alde batera utzita, haundienak, Foru Gobernuak bizilagun kopuruaren arabera herriei ematen dien diru-poltsatik 298.000 euroko transferentzia espero dute eta hiri-kontribuziotik 152.000 euro. Ibilgailuen zergatik ere 60.000 euro sartzea aurreikusi dute, eta kopuru apalagoak bertze hainbat tasa eta zergetatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun