Igantziko Kultur Astea ekitaldiz gainezka dator abenduaren 6tik 11ra

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 2a, 09:00
'Luze edo motz' ikuskizunarekin abiatuko dira Igantziko kultur egunak.

Bakarrizketak, solasaldiak lehiaketak, dokumentalak, zinema, dantzak eta tailerrak izanen dituzte egitarau oparoan

Abenduaren 6tik 11ra izanen diren kultur egunak umorez hasiko dira aurten Igantzin. Abenduaren 6an, asteartean 18:30ean Baratzondon, Luze edo motz emanaldia eskainiko dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak. Gizartea zertan gelditzen den luze eta zertan motz galdetuko dute, binakako bakarrizketan, adibidez, menopausiaz, ligatzeko teknikez, hilerokoaz edota sexuaz ari bagara.

Abenduaren 7an Etxe-izenen nondik norakoak eta Igantziko adibideak izeneko solasaldia izanen da, Eskolzarren, asteazkenean 19:00etan. Andres Iñigo euskaltzaina izanen da hizlaria. Igantzin azken urteotan lan haundia egin da etxeen izenak ikertzen, biltzen eta baita errotuluak paratzen ere. Solasaldi honek aukera emanen du etxeen izenak nondik nora paratuak diren eta nola aldatu diren ulertzeko.

Abenduaren 8an, ortzegunean goiz-arratsaldez izanen dira ekitaldiak. 11:00etan hasita patata tortilla txapelketa izanen da frontoian, eta ondotik pintxopotea. Txapelketan parte hartzeko izen ematea egun berean eginen da, eta osagaiak eta sua norberak eraman beharko ditu. Arratsaldean, 16:30ean, haurrentzako gozo tailerra izanen da, eta ondotik berendua Biltokin.

Ortziralean, abenduak 9, ginkana izanen da, 16:30ean hasita eta frontoitik abiatuta. Bi adinetarako prestatua egonen da: batetik, 6-10 urte bitartekoentzat eta, bertzetik, 11- 13 urte bitartekoentzat. 19:00etan, Urak aske dokumentala ikusteko aukera izanen da, Baratzondon. Artikutzako urtegia (Enobieta) botatzeak bertan desagertzear zegoen espezie bati, muturluze piriniotarrari, babesleku segurua eskaini dio. Antzekoak egin dira bertze tokietan ere, bioaniztasuna kontzeko helburuarekin, eta dokumentalak ahalegin hori erakusten du.

Abenduaren 10ean, larunbata, haurrentzako zine emanaldiak izanen dira. Lehenik ttikienentzako (3-6 urte, 16:30ean hasita, eta 17:30etik aitzinera 7 urtetik goitikoena. Joaten direnek krispetak (palomitak) izanen dituzte.

Azken egunean, abenduaren 11n, herriko dantzarien txanda izanen da, igandean 11:30ean hasita. Plazako jaialdia alde batera utzita, oraingo honetan herrian barrena eskainiko dituzte beraien dantzak. Arratsaldeko bi ekitaldiekin emanen zaie akabaila aurtengo kultur ekitaldiei. Batetik, Geure liburuak eraikitzen izeneko haurrentzako ipuin tailerra izanen da, Berako Trini Mikelarena idazle eta ilustratzailearen eskutik. Tailerra gimnasioan izanen da, 16:30ean hasita. Ordu berean, Baratzondon, mus eta partxis txapelketa bat-batekoa izanen da. Nahi duten guziek izen ematen ahalko dute, eta bikoteak 10 euro ordaindu beharko du.

Urtero bezala, kultur egunak antolatzen herriko eragileak aritu dira, zehazki, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Igantziko Udala, Igantziko Biltoki, Biltoki Ttiki, Igantziko Eskola, Baratzondo Jubilatuen Elkartea eta Igantziko Dantza Taldea, baita zenbait herritar ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun