Bortzirietako Mankomunitateak Alkaiagako Garbigunearen zerbitzua hobetzen segitzen du

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 3a, 09:00

Urte hasieratik aitzinera Garbigunearen ordutegia zabaldu eta astelehen eta ortzegun arratsaldetan ere irekiko dute.

Urtarriletik aitzinera zabaldu eginen dute Garbigunearen ordutegia, eta astean bi egunez, astelehen eta ortzegun arratsaldetan irekia egonen da

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak lanean segitzen du, Bortzirietako bizilagunei Alkaiagako Garbigunerako sarbidea errazteko eta bertan biltzen diren hondakinen birziklapena hobetzeko. Bide horretan, hondakin mota berriak birziklatzeko aukera prestatu dute eta, horrekin batera, erabiltzaileei begira zerbitzua hobetzeko ahalegina eginen dute Garbiguneko ordutegia zabalduz.

Plastikoen, kristalen, ispiluen eta kafe-kapsulen bilketa berriak

2022an zailak edo konplexuak izateagatik zabortegira eramaten ari ziren hondakinak birziklatzeko kudeatzaile berriekin akordioak egin dira. Akordio berri horiei esker, hondakin mota berriak bereizita uzteko edukiontziak prestatu dituzte: kafe-kapsulak, kristal laua, ispiluak eta plastikoak.

Kafe-kapsulak plastikozkoak edo metalezkoak izan daitezke, eta ez dira bereizi behar.

Kristalen eta ispiluen kasuan, garrantzitsua da osorik izatea, hautsi gabe ahal baldin bada.

Plastikoei dagokienez, edukiontzi horietan, berez utzi behar ez diren hainbat objektu biltzen dira orain, ontziak ez direnak: fruta-kutxak, hodiak, bidoiak, edukiontziak, garrafak, loreontziak, aulkiak, mahaiak, pertsianak, poliexpan kaxa handiak, etab.

Garbigunea zabalik egonen den ordutegia luzatuko dute

Urte berria hastearekin batera, Garbigunea irekitzeko ordutegia zabalduko da, eta astelehen eta ortzegunetan 19:00ak arte irekiko da. Zehazki, ordutegia honela geratuko da:

  • Astelehenetan eta ortzegunetan: 12:00-19:00
  • Asteartetan, asteazkenetan eta ortziraletan: 12:00-15:00
  • Hileko azken larunbatean: 09:00-13:00

Astean bi arratsalde hauetan irekiz gero, mankomunitateko arduradunek uste dute goizez lan egiten duten eta orain arte hondakinak Garbigunera eramateko zailtasunak zituzten pertsonei sarbidea aunitz erraztuko zaiela.

Abenduaren 5ean itxita

Garbigunea itxita egonen da datorren astelehenean, abenduaren 5ean. Hala ere, ordutegi arruntean irekiko da, 12:00etatik 15:00etara, asteazkenean (hilak 7) eta ortziralean (hilak 9).

Bigarren eskuko gauzekin azoka txikia

Bertzalde, gogorarazi dute bigarren eskuko gauzekin osatua den azoka txikia dagoela garbigunean, garbiguneko ordutegi berean, eta bertara hurbildu nahi dutenek nahi duten guztietan egiten ahal dutela. Azoka txiki hau Garbigunera egoera onean iristen diren objektuez hornitzen da, eta bildutako dirua Bortzirietako gizarte eta ingurumen ekintzetan berrinbertituko dela.

Hondakinak bereiztea

Bortzirietako Garbigunea beti zainduta egonik ere, eta arduradunek hondakinak sailkatu eta bereizten badituzte ere, Mankomunitateak eskatzen du hondakinak etxetik bereizita eramatea, ahal den neurrian. Horrela, Mankomunitateko langileen lana eta hondakin horien bereizketa eta birziklapena anitz errazten da.

2023ko egutegia

Aurreko urteetan bezala, Bortzirietako Mankomunitateak 2023ko egutegia prestatu du, laster Bortzerrietako etxebizitza guztietan banatuko dena. Garbigunean, mankomunitatean edo herriko etxeetan ere egonen dira aleak, hartu ez dituzten guztientzat.

Aurten, anitz nabarmendu dira garbiguneari buruzko berrikuntzak, batez ere irekitze-ordutegi zabalari dagokionez. Gainera, beti bezala, hilabete bakoitzeko orrialdean apuntatu dute etxez etxe neurri handiko hondakinak biltzeko zerbitzuaren telefonoa, eta hondakinen bereizketari, baratzeari eta ilargiari buruzko informazioa ageri da egutegi hauetan.

Eta berrikuntza gisa, aurten deia egin zuten egutegirako Bortzirietako argazkiak bidali nahi zituztenek aukera izan zezaten. «Arras pozik gaude neurri honek izan duen harrera onarekin –diote mankomunitateko teknikariek–, eta eskerrak eman nahi dizkiote argazkiak bidali dituzten guztiei, «bertze urte batez egutegi polita eta ikusgarriagoa egiten lagundu digutelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun