Lesakako organoaren zaharberritze proiektua ikusteko bisita gidatua eginen dute abenduaren 4an

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 2a, 11:00

Lesakako Roqués organoaren zaharberritze lanen lehen fasean egindakoa ikusteko aukera izanen da igande arratsaldean.

Igandean 18:00etan Ruben Perez Iracheta organogileak gauzatutako lehen faseko lanak ikusteko aukera izanen da

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak bisita gidatua antolatu du abenduaren 4an, igandean 18:00etan, Ruben Perez Iracheta organogilea Lesakako San Martin elizako Roqués organoan egiten ari den zaharberritze prozesua erakusteko.

Bisita gidatuan zaharberritze prozesuaren irudiak proiektatuko dituzte eta organora hurbiltzeko aukera izanen da. Bisitaren helburuetako bat herritarrak kultur ondare materialaren –organoa- balioan heztea da, bai eta immaterialaren balioan ere –organogintza–, kulturarako sarbidea sustatuz.

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkartearen eskutik, organoa zaharberritzeko lanen lehen fasean hasiak dira. Santo Domingo de la Calzadan tailerra duen eta gisa honetako lanetan aditua den Ruben Perez Iracheta musikologo eta orgaistak hartua du lan hauen ardura eta dagoeneko hasia da. Lan osoaren aurrekontua 90.000 eurokoa da eta, alde batetik, MECNAren bidez 40.000 euro eskuratuak ditu elkarteak eta Nafarroako Gobernuak ondarea zaharberritzeko 27.000 euroko dirulaguntza ere emanen du.

XIX. mende bukaerako Nafarroako instrumentuen artean hobekien kontserbatutako organoetako bat da Lesakakoa eta estatu osoan Roquéstarrek egindakoen artean interesagarrienetakoa. Hoditeria nahiz tresneria kalitaterik gorenekoak dira eta barneko diseinua bikaina da. Goi mailako kalitateko materialaz egina da, baina denborak eta erabilerak eragindako higadura begi-bistakoa da.

1892an egin zuten organo erromantikoa Manuel Roquések eta anaiek eta 1951. urtean sakon konpondu zuen Hernaniko Amezuak, erregistro berriak paratuz eta garaiko beharretara egokituz. Baina konponketa honetan ez zen material noblerik erabili eta pipien lana nabari da, batez ere moldaketa horietarako erabilitako piezetan eta zoritxarrez, bertze piezetara ere hedatzen hasia da. Orain, moldaketa horretako puskarik gehienak kendu eginen zaizkio eta hasierako organoaren itxurara hurbilduko da. Musika-tresnan ez ezik, aldi berean gibeleko paretan ere moldaketak egiten ari dira, hezetasun arazoak konpontzeko.

MECNA kanpaina zaharberritzea bukatzeko

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak Mezenasgo Kulturalari (MECNA) egindako ekarpenekin jasotako laguntza eskertu du. Ekarpen horiei esker eta Nafarroako Gobernutik (Kultura eta Kirol Departamentua-Ondare higigarrian esku-hartzeak egiteko laguntzak) jasotako dirulaguntzarekin batera, proiektuaren lehen fasea gauzatu ahal izan da.

Aurten, 2022an, elkarteak MECNA zigilua eskuratu du berriro, bigarren fasea finantzatzeko eta zaharberritzea bukatzeko. Hau da aurreikusitako azken mezenasgo-kanpaina. Horregatik, proiektuan interesa duen orori ahalegin bat eskatu zaio, hau laguntzeko azken ekarpena eginez.

Elkarteak CaixaBank-en (ES32 2100 3707 9321 1504 4086), Laboral Kutxan (ES53 3035 0138 21 1380010924) eta Nafarroako Rural Kutxan (ES72 3008 0054 1843 4251 2227) dituen kontuetan egin daitezke sarrerak. Gogorarazi dutenez, 150 euro arteko ekarpenek % 80ko kenkaria dute Nafarroako Ogasunaren aitorpenean (150  euro paratzeak 120 euroko kenkaria sortzen du).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun