Ia lau milioi euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak 2023rako

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 30a, 11:00

Azaroaren 23an egindako osoko bilkuran onartu zuten aho batez heldu den urterako aurrekontua.

Azaroaren 23an egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuen Berako Udalak 2023rako udal aurrekontua. Guztira 3.953.228,13 euroko aurrekontua onartu du, aurtengoa baino 330.000 euro gutxiagokoa. Aurrekontuak osatzeko, 47.652 euroko mailegua hartzea aurreikusi dute, baina beharrezkoa ez bada ez dute erabiliko. 

Aurten iazko aurrekontuen gerakina erabiltzeko aukera izan du Berako Udalak, eta heldu den urterako ere hori egitea aurreikusten dute. 2022an bukatu dute mailegu bat ordaintzeaz, eta gelditzen diren maileguen amortizaziorako 49.240,84 euro bideratu dituzte. 

Langileei dagokionez, 2022an %3,5 euroko igoera izan dute soldatek, eta 2023an %1,5eko igoera izatea aurreikusi dute, beraz, %5ean geldituko da soldaten igoera. Gainera, urak kudeatuko dituen langile bat %75eko lanaldiarekin kontratatzea aurreikusi dute. Halaber, Malerrekan eta Bortzirietan bertako produktuen ekoizleen eta kontsumo taldeen dinamizatzailea kontratu dute eta horretarako 6.000 euro pasatxo jarriko ditu udalak. Tasei dagokionez, %3 igoko dira heldu den urtean. 

Nafarroako Gobernuko Toki-Ogasunen funtsetik 1.200.000 euro hartuko ditu udalak. Udalei banatzen zaien fondoa da hau, eta udalentzako sarrera garrantzitsua. 

Heldu den urterako inbertsioak

Inbertsioetarako ia 500.000 euro bideratuko dituzte. Bertan sartzen da udal eraikinen mantentzea, espaloiak moldatzea, mendi eta abeltzaintza proiektuak eta abar.

Heldu den urterako aurreikusi den bertze inbertsioetako bat da haurtzaindegi ondoan dagoen haur parkea berritzea. Horretarako, 60.000 euro bideratu dituzte.

Kiroldegiko teilatuan autokontsumorako plaka fotovoltaikoak paratzeko dirulaguntza eskaera ere  egina du Udalak. 40.000 euroko kostua luke proiektu horrek, eta %85a finantzatuko luke Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak. 

Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren kasuan, Nafarroako Gobernuaren finantziazioa hagitz eskasa da, eta %15a bakarrik ordaintzen du. Defizitari aurre egiteko, Udalak 200.000 euro baino gehiago paratuko ditu. 

Ur sarearekin lotuta, Zalain eta Foruen Plaza arteko ur sarea berrituko dute, eta 500.000 euroko inbertsioa egin dute horretarako. Inbertsio horren %80 finantzatuko du Nafarroako Gobernuak. 

Heldu den urterako aurreikusten den lanik handienetako bat Eztegara eta Matzada arteko lotunea eraikitzea izanen da. Lan horiek finantzatzeko 885.000 euro lortu ditu EH Bilduk Espainiako aurrekontuak onartzeko negoziaketetan. Horrekin batera, lotune horren hurrengo bi faseak idazteko 100.000 euro ere jaso ditu udalak, eta hori heldu den urtean egitea aurreikusi dute. 

Inbertsioei aurre egiteko nahitaezkoak dira dirulaguntzak, eta Tokiko Inbertsioen planera aurkeztu ditu udalak herrian dauden gabeziak asetzeko beharrezko diru laguntzen eskariak. Ur hornidura sareetan Kanttonberri, Illekueta eta Legiako sareak lehenetsi ditu udalak, eta azpiegituretan, berriz, igerilekuak. Urte bukaerarako jakinen dute zenbateko dirulaguntza jasoko duten, eta horren arabera zer lan egiteko aukera izanen duten. 

Funtzionamendu gastuak

Funtzionamendu gastuei dagokionez, iazko partida gehientsuenak mantendu dira, eta egon den exekuzioa kontuan hartuta batzuk handitu dira, eta bertzeak ttikitu. 

Kultura eta besta programaziorako diru gehiago bideratu dute, 5.000 euro gehiago bi ataletan. Hala, 55.000 euro bideratuko dira kultura programaziorako, eta 75.000 euro bestetarako. Gainera, herriko kultura taldeei 15.000 euro banatu zaizkie dirulaguntzetan. 

2023an Bortzirietako Euskara Mankomunitaterako 143.000 euro bideratuko ditu, eta Bortzirietako Gizarte Mankomunitaterako, aldiz, 120.000 euro jarriko dituzte.

Udalak jakinarazi du onartuta hau «proposamen» bat bertzerik ez dela, eta aldaketak izaten ahal direla kontuen antolakuntzan. «Aldaketa eta ezusteko hauek udalbatza osatzen dugun guztien artean adostutasunera iritsiz egin nahiko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun