'Joxe Mari Ezkerra, XIX. mendeko bertsolariaren misterioa' hitzaldia ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 29a, 19:00
Ezkerretik eskuinera Aitor Errazkin eta Joxan Elosegi ikerlariak. Hitzaldia Berako Beralandetan izanen da ortziralean.

Aurten ere 'Uscaldunac garen ezqueroekimenaren barrenean solasaldia antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Solasaldia Beralandetan izanen da, ortziralean, abenduaren 2an, 18:00etan, Joxan Elosegiren eta Aitor Errazkinen eskutik.

Elosegik eta Errazkinek Ezkerra bertsolaria ikertu dute, eta haren ibilbidearen eta bizitzaren gaineko informazio aunitz bildu dute. Ezkerra XIX. mendearen lehen zatian Euskal Herriko bertsolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Beratarra zela gaur-gaurkoz ezin ziurtatu bada ere, badirudi zantzu fidagarrienek hori diotela. Bertsolari oparoa izan zen, eta solasaldian haren zenbait bertso sorta ere ezagutzera emanen dituzte.

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta  xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santiziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia. 2021ean ekimenaren ardatza oikonimia izan zen, hau da, etxeen izenak. Orduko hartan Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera hitzaldia eskaini zuten Paxkual Rekalde eta Andres Iñigo euskaltzainek, eta Oskar Alegriaren Emak bakia dokumentala ikusteko aukera izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun