Joseba Irazokik eta Lagunak eta Pettik diskoa atera dute elkarrekin

Ttipi-Ttapa 2022ko azaroaren 29a

Petti eta Joseba Irazoki musikariek lau kantako diskoa kaleratu dute elkarrekin. Argazkia: Bonberenea Ekintzak.

Bonberenea Ekintzak ekoiztetxearen ekimenez, Joseba Irazoki eta Lagunak eta Petti beratarrek diskoa kaleratu dute elkarrekin. Lau kanta ditu diskoak eta bakoitzak bi kanta ondu ditu. 

Rock and Rollaren ardatzaren bueltan dabilen lana da kaleratu dutena. Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen kasuan psikodelia ukitu batzuk ditu, eta Pettik, aldiz, kutsu rockeroagoa eman dio. 

Joseba Irazokik bere ohiko banda izan du bidelagun grabaketan. Felix Buff baterian, Jaime Nieto baxuan eta Ibai Gogortza gitarran. Pettik, aldiz, Sergio Gonzalez izan du lagun baterian eta Karlos Osinagak grabatu ditu baxua eta txeloa. Osinagak berak grabatu du diskoa Bonbereneako estudioan eta Irazokiren kantuetan ahotsak ere sartu ditu. 

Azken aldia eta Luka abestiak sortu ditu diskorako Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak, eta Gerra bakoitzaren ondoren eta Dirdira hori Pettik. 

Diskoa aurkezteko hainbat kontzertu eginen dituzte. Lehenengo kontzertua abenduaren 11n izanen da Bonberenean, Tolosan. Ondotik, heldu den urteko urtarrilaren 12an Donostiako Dokan aurkeztuko dute, otsailaren 2an Ordizian, eta otsailaren 15ean Bilboko Biran. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun