19:00etan zuten hitzordua egina Berako Abesbatzak, Bera Kantarik, Berako Bandak eta Berako Txistulari taldeak urteroko kalejira egiteko. Karrikaz karrika kalejira egin beharrean, ordea, zuzenean Toki Onako estalpera joan ziren.
Bertan zain zeuden Rudiren ikasle izandakoak zein omenaldia ikustera bertaratutako dozenaka lagun. Hasteko, Musika eskolako ordezkariek eta Aitor Elexpuru alkateak urte luzez egindako lana eskertu zioten, eta lore sorta bat eta koadro bat eman zioten. Ondotik, Gure Txokoa Dantza Taldeko lau dantzarik agurra dantzatu zuten, Berako Txistulariek lagunduta.
Bera Kantarik eta Berako Abesbatzak Rudiren bizitza laburbiltzen zuten lau bertso kantatu zituzten, eta ondotik denek batera bertze kanta bat ere kantatu zuten.
Labiaga Ikastolako ikasle eta gurasoek ere hartu zuten parte omenaldian. Ikastolaren 25. urteurrenerako Rudik sortutako kanta kantatu zuten akordeoilarien laguntzaz.
Omenaldia bukatzeko, Berako Bandak bertze bi pieza jo zituen, eta ondotik, denek elkarrekin kalejiran segitu zuten.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!