Keinu Leihoak antzerki zikloaren 18. edizioa antolatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 16:00
Artedrama eta Axut! antzerki taldeen 'Hondamendia' antzezlanarekin abiatuko da igandean Lesakako Keinu Leihoak antzerki zikloaren 18. edizioa.

IMairu Antzerki tailerrak Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako Keinu Leihoak Antzerki zikloaren hemezortzigarren edizioa egunotan eginen dute Lesakan. Azkenean heldutasunera heldu direla ospatzeko edo, hiru emanaldi eskaini beharrean lau prestatu dituzte. Mairu antzerki tailerretik diotenez, «helduak gara, baina ez dugu gaztetxoen «kontra» egiteko izpiritua galdu nahi. Izan ere, zerbaiten kontra altxatu edo oihu egiteko motiborik baden bitartean, iraunen baitu antzerkiak».

Lehen emanaldia azaroaren 27an, igandean 18:0etan eginen dute Harriondoan. Artedrama eta Axut! antzerki taldeen eskutik, Arkaitz Cano idazleak idatzi eta Ximun Fuchsek zuzentutako Hondamendia antzezlana ikusgai izanen da. Sarrerak 8 eurotan salgai daude udalaren webgunean.

 

Sinopsia

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau? 

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat. 

2020ko martxoa: COVIDa heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna... Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean? Nola eman liezaioke zentzua bere lanari agertokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean? Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea? Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri. Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean. Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa.

Abenduko emanaldiak

Abenduan segida izanen du Keinu Leihoak zikloak.

  • Abenduaren 2an, ortziralean 20:30ean, Katiuska taldeak Armiarma antzezlana taularatuko du Arrano elkartean. Sarrera doan izanen da.
  • Abenduaren 10ean, larunbatean 19:00etan Harriondoa kultur etxean, Intxaurra lana eskainiko du Mairu antzerki tailerrak. Sarrera 6 euro gostako da.

Hain zuzen, azaroaren 18an Azpeitian estreinatu zuen Mairuk Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi duen antzezlan hau. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch ari da zuzendaritza lanetan. Arnasguneen garrantzia islatzen duen antzezlana prestatzeko egonaldia egfn zuten Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean eta orain herriz herri biran hasiak dira, UEMAko kide diren herrietan. Lesakako emanaldia baino lehen, abenduaren 3an Iruritan, abenduaren 4an Markina-Xemeinen eta abenduaren Abaltzisketan taularatuko dute Intxaurra.

  • Azkenik, abenduaren 17an, larunbatean 19:00etan Metrokoadroka antzerki taldearen Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlana eskainiko du Harriondoan. Sarrera 6 euro gostako da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun