Triki poteoa eta patata tortilla lehiaketa eginen dituzte abenduaren 3an Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 25a, 11:00

Azken hilabetetan sortu berri den  Barraskilo Gazte Taldeak antolatuta, abenduaren 3an Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna ospatzeko triki poteoa eta patata tortilla lehiaketa eginen dituzte herriko gazteek Beran. Lehiaketetan parte hartzeko apuntatzeko azken eguna azaroaren 28an izanen da. 

17:00etan hasiko da triki poteoa Auzoan eta handik Lixoia, Kataku, Bidaxka, Ikuilu eta Errekalde ostatuetatik pasa eta Toki Onako estalpean bukatuko da. Bertan hasiko da 18:30ean patata tortilla lehiaketa.

Talde bakoitzean hiru parte hartzaile izanen dira, eta antolakuntzak 8 arroltze, patatak, olioa eta gatza emanen dizkie lehiakideei. Kozinatzeko tresnak norberak ekarri beharko ditu, eta ordu eta erdiko denbora izanen dute tortillak prestatzeko.

Lehiaketan apuntatzeko azkeneko eguna astelehena izanen da, hilaren 28a. Gainera, talde bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko.

Azken asteetan logo lehiaketa egin dute, eta eguna aprobetxatuko dute aurkeztutako logoen artean taldearen logoa aukeratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun