200 azienda baino gehiago plazaratu dituzte Lesakako feria egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 24a, 16:00

Bortzirietako feriak ospatzen ari dira Lesakan gaur. 2020an ez zen feriarik ospatzerik izan, eta iaz plazako moldatze lanak eta eguraldi txarrak eraginda ez zen aitzineko urteetan bezainbertze jende bildu. Aurten, ordea, normaltasuna izan da nagusi, eta jende poliki ibili da. 

Goizeko lehen ordurako erakusgai paratu dituzte aziendak Plaza Zaharrena eta inguruan. Ondotik,  plaza jende bildu da 11:00etan  egin duten herri kirol erakustaldian. Hamaika kilorari aritu dira: Lierni Osa harria jasotzen eta, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo, Xanta Souza, Irati Astondoa, Xuban Kañamares, Oier Kañamares, Endika Goia, Oier Larretxea, Donato Larretxea eta Patxi Larretxea aizkoran eta trontzan. Ordubete pasatxo aritu dira lanean, eta erakustaldi ederra eskaini dute. 

Herri kirolak bukatuta, Oihana Iguaran eta Julio Soto bertsolariek bertso saio ederra egin dute. Goizeko ekitaldiak bukatzeko, aldiz, behi azienden lehiaketako sari banaketa egin dute. Honela gelditu dira sariak:

  • Haragitako behien kategorian lehen saria Arantzako Uxainekobordako Joseba Bergarak eskuratu du bigarren saria Berako Begibeltzeneko bordako Joxean Igoak eta  hirugarrena Lesakako Joseba Irigoienek.
  • Esnetako behien kategorian, lehenengo eta hirugarren saria Lesakako Joseba Irigoienek lortu ditu, eta bigarren saria  Joxean Igoak.
  • Larre behien kategorian lehen eta hirugarren sariak Lesakako Joseba Almandozentzat izan dira eta bigarrena Lesakako Jon Muñoarentzat.
  • Zaldi onenaren kategorian lehenengo eta  hirugarren sariak Jon Muñoak lortu ditu, eta  bigarrena Maria Jesus Maia lesakarrak. 
  • Larre behorren kategorian Oihan Olaizola lesakarrak lortu ditu lehenengo bi sariak eta  bigarrena Patxi Balda beratarrak. 
  • Monturako behorretan Lesakan gelditu dira hiru sariak. Lehenengoa eta hirugarrena Maribel Indak lortu ditu, eta  bigarrena Maria Soledad Etxaparek. 
  • Pottoka onenaren hiru sariak Berara joan dira. Hiruak irabazi ditu Fermin Maritorenak.
  • Ponni onenaren kategoriako hiru sariak ere berara joan dira. Jaime Etxegaraik lortu ditu lehenengo biak, eta Sabino Kortak hirugarrena. 
  • Artalde onenaren sariei dagokionez, Francisco Javier Altzugarai lesakarrak lortu du lehenengoa, Joseba Irigoien lesakarrak bigarrena eta Maria Irigoien beratarrak hirugarrena. 

Bazkalondoan segida izanen du feria egunak. 17:00etan pilota partidak izanen dira udal pilotalekuan eta 18:00etan dantzaldia izanen da Jeiki-Hadi taldearekin. 19:00etan Beti Gazte Kantarik emanaldia eskainiko du 19:00etan Alondegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun