Eskualdean hainbat inbertsio egiteko dirulaguntzak hartuko dituzte udalek Espainiako aurrekontu orokorretatik

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko aza. 24a, 10:30
Baztango Udalak 4 milioi euro hartuko ditu Elizondoko Francisco Javier Iriarte zahar etxea berritzeko.

Espainiako Aurrekontu Orokorretarako gobernuaren eta EH Bilduren arteko negoziazioen ondotik Baztango, Berako eta Lesakako Udalek diru partidak hartuko dituzte hainbat inbertsio egiteko. 

Baztango Udalak 4 milioi euro hartuko ditu Elizondoko Francisco Javier Iriarte zaharren egoitza eraberritzeko eta zentroa eskualde osoari zerbitzua emanen dion eredu baterantz egokitzeko, adinekoen ongizatean eta hurbiltasunean oinarrituta.

Berako Udalak alde batetik 885.000 euro hartuko ditu NA-1310 errepidearen saihesbidea egiteko lanak asteko. Eztegara eta Matzada artean lotura egin eta trafikoa erdigunetik ateratzeko lanak eginen dituzte partida horrekin.

Bertzetik, 100.000 euro gehiago jasoko ditu saihesbide hori osatzeko falta diren bi zatien proiektuak idazteko:  Matzadatik Angulerora eta Zelaia etxetik Itzea etxerako saihesbideen proiektuak idazteko. 

Lesakako Udalak bere aldetik 3,75 milioi euroko diru partida hartuko du Lesakako saihesbidea gauzatzeko. Diru horri, pasa den urtean lortutako 500.000 euroak gehitu behar zaizkio. Diru hori saihesbidearen proiektua idazteko erabiliko da.  

«Saihesbide honek herrigunean ibilgailuen trafikoa murrizteaz gain, Lesakaren etorkizuneko garapenerako estrategikoa izanen den azpiegitura bat utziko digu», nabarmendu du Lesakako EH Bilduk.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun