Azaroak 25

«Kolpe bat ikustea errazagoa da baina ordura arteko guzia ere identifikatu eta garaiz gelditzea beharrezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 24a, 07:00

Leire PASTOR ORDOKI, Lesakako sare feministako kidea

Bortzirietako talde feministek elkarrekin eginen dute azaroaren 25eko mobilizazioa, eta egun horretan bertan, Etxalarko plazan bilduko dira, Karrikan uso, etxean otso; indarkeria matxistarik ez! lelopean. Leire Pastor Xulufrinak Lesakako sare feministako kidea da eta bere hitzetan, ezaguna den erran zahar horrek «hagitz ongi adierazten du arazoa; alegia, emakumeoi eraso egiten diguten gizonak gehienetan gure hurbilekoak izaten direla: senarra, bikotekidea, semea, laguna…».

Gehiago ere bai. Esaldi horrekin «indarkeriaren alde ikusezina» atera nahi dute azalera, «eta maiz erasotzailea zuritzeko dugun joera ere bai. Aunitzetan, erasotzaileez solas egiterakoan ‘hagitz jatorra zen’, ‘gaizki zegoen’ bezalakoak erraten dira». Pastorren arabera, «zuritze horretan gibelean dago erasoak kasu isolatu gisa ulertzen ditugula; baina ez dira bakanak izaten. Gizarte matxista baten ondorioz gertatzen dira eraso horiek, eta horren ondorioz, ohikoa da aunitzetan zigortu gabe gelditzea».

Oinarrian dauden jarrera matxistak

Lesakarrak «eraso larrienen aitzinean tolerantzia guttiago eta gizartean gaiaren inguruan gero eta ezagutza gehiago» nabaritzen du. Hala ere, «sakonean eta oinarrian dauden jarrera matxistak oraindik hor daude eta bai gizonek bai emakumeek normalizatzen ditugu».

Indarkeria matxistaren icebergaz ere mintzatu da, «icebergaren azpiko aldea identifikatzea zaila» dela erranez: «gure egunerokotasunean eta kulturan normalizatuak ditugun jarrerak, keinuak eta hitzak izaten direlako». Hala, «horiek identifikatzea izanen litzateke garrantzitsuena» Pastorren irudiko; «indarkeria graduala izaten baita: indarkeria psikologikotik hasiz, biolentzia fisikoa eragin arte. Kolpe bat eman aitzinetik segur aski desprezioak, umiliazioak, bakartzea, kontrola… egonen dira». Argi utzi du: «kolpe bat ikustea errazagoa da, baina ordura arteko guzia ere identifikatu eta garaiz gelditzea beharrezkoa da».

Ziztaden harira ez du zalantzarik: «Indarkeria matxistaren bertze metodo bat da, dudarik gabe». Gaineratu duenez, «ziztadetan substantziarik ba ote zen edo ez eztabaida sortu da, baina hori ez da garrantzitsuena: ziztadekin emakumeen beldurrarekin, espazio publikoaren erabilerarekin eta ongi pasatzeko dugun eskubidearekin jostatu dira, eta hori hagitz kaltegarria eta larria da».

Errokei buruz galdetuta, alde batetik, garrantzitsua iruditzen zaio «oinarrizko indarkeriak identifikatzen eta horiei aurre egiten ikastea». Eta bertzetik, baliabideen beharraz aritu da: «ohartu gara zenbateko garrantzia duen indarkeriaren zikloak eta horri aurre egiteko existitzen diren baliabideak, instituzionalak eta herritarrak, ongi ezagutzearen beharraz. Gure artean instituzioetan gabeziak detektatu ditugu eta hori hobetzen saiatuko gara, baita hobetzeko eskatu ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun