Heldu den astelehenera arte egonen dira salgai Donato Larretxearen omenaldiko bazkariko txartelak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 23a, 18:00
Abenduaren 3an eginen diote Donato Larretxeari omenaldia Arantzan

Abenduaren 3an eginen diote Donato Larretxea aizkolariari omenaldia Arantzan eta oraindik ere salgai daude herri bazkariko txartelak. Arantzako Burladan, Berako Botxon eta Sunbillako Fondan erosi daitezke bazkarirako txartelak 40 eurotan. 

Arantzako Udalak eta Gure Kirolen Klubak antolatu dute omenaldia. 12:00etan herri kirol erakustaldia izanen da plazan. Plaza bete kirolari elkartuko dira, adin eta belaunaldi aunitzetakoak, eta tartean Larretxea bera ere ariko da.

Ondotik,  14:30ean, Manolo Arozena, Julen Zelaieta eta Bittor Elizagoien bertsolariek eta Beñat eta Andoni Mitxelena anaia musikariek girotutako herri bazkaria izanen da frontoian. Berogailua ere paratuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun