Azaroak 25

«Gizartearen egitura da arazoa, baita gure hezkuntza eta harremanak ulertzeko modua ere»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 23a, 09:00

Miren OLAETXEA INDABURU, Etxalarko Talde Feministako kidea

Bortzirietako talde feministek aurtengo azaroaren 25ari begira aukeratu duten Karrikan uso, etxean otso leloa ekarri du mahai gainera Miren Olaetxea Indaburu etxalartarrak. Etxalarko Talde feministak ere horretan jarri nahi du aurten arreta, «aunitzetan etxe barrenean jarrera matxistak gehiago ikusten direlako».

«Bizitza publikoan eta eremu pribatu batzuetan indarkeria matxistaren gaiak tabu izaterari utzi diola» aipatu du Olaetxeak, «salaketak dira horren isla». Dena den, «gai zaila» dela onartu du: «gutako bakoitzak bere inguruaren kritika egin eta horren erantzukizuna hartzeko gogoeta prozesu sakona egin behar dugu eta horrek ausardia eskatzen du».

«Erasoak edo erailketak izanen dira gizarteak indarkeria matxista definitzeko modu orokorra, baina honen azpitik icebergaren masa guztia dago»

Bere hitzetan, indarkeria matxistaren icebergak «gaia hagitz ongi islatzen du. Ez da erraza ur azpian dauden gai horiek guztiak ikustea». Hain zuzen, icebergaren masan dauden indarkeria motak definitzeko asmoz, tailerra egin zuten Etxalarren eta «gustura» gelditu ziren, nahiz eta «tailerrera ez zen jende sobera animatu». Nabarmendu duenez, «indarkeria matxista mendeetan errotuta dagoen gai bat da eta gaiari buruzko kontzientzia soziala gehiago indartzea ezinbertzekoa da. Segur aski erasoak edo erailketak izanen dira gizarteak indarkeria matxista definitzeko modu orokorra, baina horren azpitik icebergaren masa guztia dago».

Ziztadena, ordea, ez dute argi: «ez dakigu argi ziztaden kontua zuzenki eraso matxistekin erlazionatua dagoen edo ez. Bi generokoei egindako erasoak izan dira, nahiz eta kasu batzuetan gero eraso bat egiteko probestu duten. Guk ez dugu argi».

«Ezinbertzekoa da gizonen eta emakumeen natura ulertzea eta hori errespetatuz orain daukagun egitura ekonomiko, politiko eta soziala moldatzea»

Arazoa «gizartearen egituran» ikusten du etxalartarrak, «baita gure hezkuntzan eta elkarren arteko harremanak ulertzeko moduan ere. Sistema patriarkalean bizi gara eta nahiz eta legediaren aitzinean gizon-emakumeen arteko eskubide saila berdindu diren, oraindik badira aldatu beharreko gauzak». Horretarako «ezinbertzekoa» iruditzen zaio «gizonen eta emakumeen natura ulertzea eta hori errespetatuz orain daukagun egitura ekonomiko, politiko eta soziala moldatzea».

«Arlo guztietan» lan egitearen beharra ere azpimarratu du, eta bide horretan, onartu du «kontzientzia sozialak pisu haundia» duela, baina «araudia moldatzeak ere lagunduko» lukeela. Horrekin batera, «begirada honekin» segitzearen alde agertu da: «Berez, feministen helburu haundienetariko bat gizartean indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizazioa piztea da, baina baita gaiaren inguruan dauden tabuak alde batera uztea ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun