GUTUNA: Berako San Jose egoitzak duen egoerari buruz

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 21a, 14:30

Berako San Jose zahar etxeak bizi duen egoera ekonomiko zaila dela eta, dirua biltzeko laguntza kanpaina abiatu dute. Nafarroako Gobernutik eta Berako Udaletik biltzen dituzten dirulaguntzak ez dira nahikoa zahar etxeak dituen behar guztiak asetzeko, «komunak birgaitu, ateak aldatu, armairuak berritu, pintura lanak, edota bainu geriatrikoak errate baterakoz». Laguntzak biltzeko kontu bat ireki dute Laboral Kutxan.

Jaun-andere agurgarriak:

Eskutitz honek duen helburu bakarra da zuei jakinaraztea zein den gaur egun Berako San Jose Egoitza Fundazioaren egoera. Irabazi asmorik gabeko zentro pribatu honek 1996an zabaldu zituen bere ateak eta orduz geroztik hurbileko adineko pertsonak zaindu ditugu. Gaur egun, 40 gizaseme egoiliar ditugu eta bertze bi gehiago Eguneko zentroan. Arestian aipaturiko 42 pertsona horiek dira bakar bakarrik Nafarroako Gobernuaren laguntza dutenak euren kuotak ordaintzen ahal izateko. Bertzalde, Fundazioak berak Berako Udalaren laguntza ekonomiko ttiki bat hartzen du ez baikara haren mendekoak.

Denok ederki dakigun bezala, hagitz une latzak pasatu behar izan ditugu pandemiarengatik, eta horren ondorioz, gure egoera ekonomikoa txarra baino txarragoa da eta, gainera, kezkagarria orain ezin baititugu egoitzak dituen behar guztiak ase: komunak birgaitu, ateak aldatu, armairuak berritu, pintura lanak, edota bainu geriatrikoak errate baterakoz. Lan horiek guztiak nahitaez egin behar ditugu.

Hori guztia dela eta, San Jose Fundazioak dirua biltzeko kontu bat ireki du bankuan lehen aipaturiko behar horiek guztiak ahalik eta agudoen asetzeko, hori baita bide bakarra gure atautxi eta amatxiei ematen diegun zerbitzua ahalik eta onena izateko.

Aldez aitzinetik zuen laguntza eskertuz,

  • Laboral Kutxa: ES22 3035 0135 92 1350019245
  • Bizum: Donazioa: Kodea: 06329 Fundazioa Hospital Asilo San José

Egindako ekarpenak Fundazio bati eginikoak direnez, errentaren aitorpenean emandakoaren %25 itzultzen da.

San José Asilo Fundazioaren izenean:

Edurne Garro Dozagarat

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun