Azaroak 25

«Kontzientzia ez dago erabat hedatua hasierako erasoak ez direlako fisikoak izaten»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 20a, 11:00

Maddi LARRALDE APEZETXEA, Arantzako Talde Feministako kidea

«Beti eman izan dit atentzioa kolpeak hartu bitartean jendeak ez duela erreakzionatzen ikusteak, fisikoki eraso egitea indarkeriaren azken pausoa dela ez konturatzeak, eta horren aitzineko pausoak hori bezain inportanteak direla edo oraindik inportanteagoak direla ez konturatzeak. Eta orain, indarkeria matxistaren erasoa hurbilean bizi izan dugunean, oraindik kontzienteago naiz horretaz». Argi eta garbi eta hitzez hitz, horixe da Maddi Larralde Apezetxea Arantzako Talde Feministako kideak aitortu duena.

Bere ustez, «kontzientzia ez dago erabat hedatua», hain zuzen, «hasierako eraso horiek ez direlako fisikoak izaten». Gaineratu duenez, «berdintasuna adierazten ez duten eta indarkeria bulkatzen duten ekintza aunitz daude egunerokoan. Segur aski nahi gabe, baina ekintza horiek barneratuak eta onartuak ditugu geure buruetan, eta ez gara kontziente ez direla egokiak». Emakumeengan «kontzientzia haundiagotu» dela sumatu omen du, «nahiz eta lehenagotik pentsatu izan dugun, orain ahoz gehiago erraten dugu, gehiago azaleratzen dugu», baina bidea ez da oraindik bukatu: «gauza aunitz daude egiteko; ekintza ttiki aunitz egin behar dira».

«Hurbileko norbaiti pasatu arte, baduzu halako kontzientzia puntu bat, baina ez da hainbertzerakoa»

Indarkeria matxistaren iceberga «metafora ona» iruditzen zaio Larralderi, «begi hutsez ikusten dugun bakarra sinesten dugula edo erabateko kontzientzia ematen diguna hori dela azaleratzeko. Eta horrez gain, bere ustez, «hurbileko norbaiti pasatu arte, baduzu halako kontzientzia puntu bat, baina ez da hainbertzerakoa. Bizipena hurbila ez baldin bada, arrotza bailitzan hartzen dugu, eta ez da aisa barneratzen. Inpotentzia ere senti dezakegu, baina orokorrean horrek gutti irauten dugu, igual normalizatua dugulako».

Bertzetik, Larraldek ere «indarkeria matxistaren bertze metodotzat» izendatu ditu ziztadak, «ahultasuna islatzeko modu bat izan da, horrelako kasu batean indarrik ez dugula, gizonezkoek baino galtzeko gehiago dugula edo erasoen beldur izan behar dugula erakusteko». Beldurra, hori baita bere irudiko helburua: «ziztada horren bitartez, erasoa bera baino gehiago zabaldu da beldurra, baina erasoa beldur horretatik hasten da. Besta egitera ateratzen ginen momentuan, beti zegoen ziztada egiteko aukera». Baina aldi berean, «zitadek puntu moreen mugimendu aunitzez ere haundiagoak ekarri dituztela» aipatu du.

«Banaka etxean ditugun gauza ttiki horiek aztertzetik hasi beharko genuek»

Eta arazoa zein da aranztarraren hitzetan? «Arazorik ez dagoela pentsatzea». Hortxe koxka bere irudiko: «Indarkeria hori murrizteko nondik hasi behar den pentsatze horretan galtzen gara». Bada berak «etxetik hastea» proposatu du, «banaka etxean ditugun gauza ttiki horiek aztertzetik» hasiz, alegia: «etxean eguneroko lanetan garbitzen duena nor den aztertzea, nor den kozinatzen duena edo bonbilla aldatzen duena… Mila ekintza daude». Lehenbizi «norbere buruarekin solastatzeko» gonbita luzatu du, eta gero «etxeko bertze kideekin elkarbanatzekoa». Eta hala, «pixkanaka pauso ttikiak» ematea izanen litzateke etorkizunera begira erronka. Bide horretan, bertze bi dei ere egin ditu Larraldek: batetik, «gaiaz naturaltasunez eta lasai solastatu ahal izatea» eta bertzetik, «belarriak irekitzea, aditzen jakitea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun