«Herritarren zati bat gero eta kontzientziatuagoa» nabaritzen dute Berako talde feministakoek, baina «oraindik ere egiteko lan haundia» ikusten dute. «Aunitzetan ez gara indarkeriak identifikatzeko gai. Jendartean oraindik irainak, mehatxuak, mespretxuak, txiste matxistak… Ez dira indarkeriatzat hartzen». Bide beretik, «indarkeria mota aunitz» daudela oroitarazi du Matxiarenak, «eta gehienetan indarkeria fisikoa bakarrik ikusten dugu. Ikusten ez den indarkeriari iskin egiten diogu, egonen ez balitz bezala, eta hori arazo haundi bat dela uste dugu». Hain zuzen, horretarako «pedagogia gehiago» aldarrikatu du.
Beran izan ziren ziztada kasuak ere izan ditu hizpide, eta gogoan du «erantzun zabala eman zitzaiela». Erantzunetik haratago, ordea, ez dute zalantzarik Berako talde feministakoek: «beldurra zabaltzeko mekanismo gisa funtzionatu dute uda osoan, eta hori ere indarkeria matxista da».
«Gizonek ere badute euren erantzukizuna»
Honen guztiaren gibelean, «arazoa sistema patriarkala» dela nabarmendu dute, eta hori iraultzeko «kolektiboki antolatu behar dugula» adierazi dute; «banaka ez dugu konponduko». Baina ez hori bakarrik. «Gizonen erantzukizuna» ere agerian utzi dute: «Hasteko beraien pribilegioak zalantzan jarri beharko lituzkete…». Batetik eta bertzetik eraginez, erronka argia da Matxiarenaren arabera: «euskal herri feminista bat eraikitzea».