Andoni Mitxelena Danboriena

«Jendeak eskatzen duen bitartean musikarekin segituko dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 19a, 08:00

«Arantzako gazte normala» da Andoni Mitxelena, «lagunekin egotea, mendian ibiltzea, pilota partidak ikustea, bizikletan ibiltzea eta tarteka besta ederren bat egitea» gustuko duena. Baina bere zaletasunen artean, musika nabarmentzen da bereziki, akordeoia jotzen baitu haurra zenetik.

Lehenengo notak

9 bat urte zituela hasi zen solfeoa ikasten eta akordeoia jotzen; «etxean beti musikarako zaletasuna izan dugu, aitaren aldetik batez ere, ttikiak ginenetik musika jotzen ikusten baikenuen. Anaia ere akordeoia ikasten hasia zen». Orduan berak ere etxeko pausoak segitzea erabaki zuen: «gure kintako hiru lagun elkartu ginen akordeoia jotzen ikasteko ilusioarekin».

Bertze instrumenturik jotzen ez badu ere, «baxuarekin eta txistuarekin saltseatzen hasi nintzen. Denbora faltagatik utzi nituen, instrumentu bat ongi jotzeko dedikazio minimo bat behar delako, baina ongi jotzen ikastea gustatuko litzaidake».

Etxetik plazara

18 urte zituela akordeoia alde batera utzi zuen, «eta 24 urte arte ez nuen ia ukitu ere. Baina anaia herriz herri zeinen ongi ibiltzen zen ikustean atentzioa eman zidan berriz ere. Gainera, aita Whatsapp bidez atautxik jotzen zituen jota eta bals zaharrak bidaltzen hasi zitzaidan, eta orduan hasi nintzen berriz ere nire kontura berrikasten». Honez gain, «inauteritan mozorro atera nintzen lehenbiziko urtean trikitixa baserriz baserri ikusteak ikaragarrizko inbidia eman zidan».

«Etxean beti izan dugu musikarako zaletasuna»

Geroztik, hainbat herritako karrikak alaitu ditu eta «gero eta saio gehiago» egiten ditu. «Gustukoen dudan herria Arantza bada ere, joaten naizen leku guztietan hagitz gustura jotzen dut eta bikain tratatua sentitzen naiz. Deitzen nauten leku guztietako jendeari eskerrak ematea gustatuko litzaidake».

Horretarako garrantzitsua da praktikatzea; «boladaka aritzen naiz, ez naiz egunero aritzen den horietakoa. Hala ere, etxean gehien praktikatzen dudan garaia orain da, inauterietarako eta hurrengo denboraldirako kanta berriren bat ikasteko asmoarekin». Izan ere, inauteriak ditu «dudarik gabe» bestarik gustukoenak; «aranztar bezala gehien bizitzen ditudan bestak dira eta nik uste eskualde osoko sentipena berdintsua dela. Giro berezia izaten da herrian».

Musika estiloari dagokionez, berriz, «estilo guztiak jotzea gustatzen zait. Momentuaren eta ingurukoen araberakoa izaten da eta jendeak gustuko badu edozein gauza jotzen dut!».

Bakarka naiz taldean

Familia akordeoilariz beteta izanda, aitarekin eta anaiarekin emanaldiak egiten ditu Mitxelenak; «urtean saio pare bat bederen egiten ditugu eta gustura aritzen gara hirurak». Familiarentzat ere «hagitz polita» dio, «hortxe izaten dira gu ikusten jotzen dugun tokian». Gainera, «joaten naizen herrietan atautxiren eta aitaren istorioak kontatzen dizkidate eta polita izaten da».

Hala ere, «bakarrik jotzera» dago ohituta; «bere alde onak eta txarrak ditu: nahi dudan bezala jotzen ahal dut eta nik kontrolatzen dut dena, baina aldi berean ez dut inor nire akatsak zuzentzeko. Gainera, lan gehixeago eskatzen du; gauzak kargatu, muntatu, desmuntatu… dena bakarrik egin behar da, nahiz eta beti laguntzeko prest dagoen jendea dagoen!».

«Inauterietan giro berezia sortzen da herrian»

Txamukos mariatxiekin ere jotzen aritu da bizpahiru urtez anaiaren ordezkapenak egiten eta Lesakako akordeoilarien bandan ere hainbat urtez aritua da. «Talde lana ere polita da eta egiten diren irteeretan edo kontzertuetan babestuago sentitzen naiz».

Erreferentzia musikalik ere ez zaizkio faltatu bere ibilbidean; «Xalbador Madariaga izan zen nire irakaslea, Enrike Zelaia aunitz gustatzen zait, eta nola ez, etxekoak: aita eta anaia».

Etorkizunera begira

Gaur egun hainbertze akordeoilari ez daudela dio; «lehen herri guztietan izaten ziren, orain trikitixak hartu du bere lekua. Akordeoia akademikoagoa da, gogorragoa, eta behin ikasita jendeari gehiago kostatzen zaio segitzea». Horrez gain, zuzeneko musika «okerrera doala» dio, «gaur egun mugikor edo ordenagailuarekin edozeinek jarri dezake nahi duen musika, nahi duenean». Hala ere, Mitxelenak argi du; «jendeak eskatzen duen bitartean musikarekin segituko dut dudarik gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun