Biriketako minbiziaren kontrako tratamenduan aurkikuntza garrantzitsua egin dutenen artean dago Mirari Etxepare zientzialari beratarra

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 17a, 14:00
Ikerkuntza egin duten Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak. Ezkerretik hasita lehenengoa da Mirari Etxepare beratarra.

Nafarroako Unibertsitateko Cima ikerketa guneko ikertzaileek immunoterapiarekiko erresistenteak diren biriketako tumoreek tratamenduari erantzutea lortu dute. Ikerketan parte hartu duten ikerlari horien artean dago Ciman doktoretza tesia egiten ari den Mirari Etxapare beratarra.

Zientzialariek ikusi dute biriketako tumoreen  ahulgunea DSTYK inhibizioan dagoela, tumorearen garapenean inplikatutako proteina mota batean. Proteina hori pazienteen ehuneko handi batek alteratuta dutela ondorioztatu dute ikerlariek.

Azterketa honek lehenengoz erlazionatzen du DSTYK proteinaren eta biriketako minbiziaren arteko mendekotasuna. Aurkikuntza horrek immunoterapiari erantzungo ez dioten pazienteak identifikatzea ahalbidetzen du.

Biriketako minbizia da minbiziarekin lotutako heriotza-kausa nagusia munduan. Onkologia Medikoaren Espainiako Elkartearen azken txostenaren arabera minbizi mota horrek eragiten du minbiziak munduan eragindako heriotzen % 18.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun