Noiz hasi zineten pilotan?
Oihan Canabal: 5 urterekin hasi nintzen Igantzin.
Joseba Aldabe: 8 urterekin Igantzin hasi nintzen eta ordutik Beran, Donezteben eta Iruñean jokatu dut.
Gaur egun zein mailatan jokatzen duzu? Eta zein enpresarekin?
OC: Afizionatu mailan senior mailan jokatzen dut. Ez dut enpresa batentzat jokatzen.
JA: Afizionatu mailan senior mailan jokatzen dut. Garfe enpresan ere jokatzen dut, orain dela lau urtetik gutxi gorabehera.
Pilotan aritzeaz gain, ikasi edo lan egiten duzu?
OC: Lehen hezkuntzako irakaslea izateko oposizioak prestatzen nabil.
JA: Lanean ari naiz, mantentze- lanetako enpresa batean.
Pilotari bezala zein da zure alderik onena?
OC: Tanto guztiak borrokatzen ditudala.
JA: Jokoa ongi irakurtzen dudala uste dut, momentu bakoitzean zer egin behar dudan ongi aukeratuz.
Zein da parte hartu duzun txapelketarik garrantzitsuena?
Biek: Munduko txapelketa.
Eta irabazi duzun txapelketarik garrantzitsuena?
Biek: Munduko txapelketa.
Sakrifizio haundia eskatzen du pilotak maila honetan?
OC: Bai, prestaketa tekniko eta fisiko haundia eskatzen du. Elikadura ere zaindu behar da. Aunitzetan nahiz eta lagunekin gustura egon etxera joan behar zara deskantsatzeko.
JA: Maila honetan pilotari guztiak prestatzen dira. Emaitza onak izan nahi badituzu lan aunitz egin behar da, bai teknikoki eta bai fisikoki prestatuz.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik hamar urtera?
OC: Kirolari dagokionez pilotan jokatzen segitzea gustatuko litzaidake. Bertzalde, eskola batean lan egin nahiko nuke.
JA: Osasunak laguntzen badit pilotan edo frontoi kirol batean jokatzen segitu nahi nuke.
Zer suposatzen du lagun batekin munduko txapelketa irabaztea?
Biek: Batera jokatuz urte zoragarria egin dugu, beste txapelketa batzuk irabaziz, eta munduko txapelketa jokatzeko aukera izan dugu, gainera irabaziz. Urte hagitz ona izan da eta zure lagun onenarekin bizitzea hagitz polita izan da. Esperientzia hagitz politak bizi izan ditugu.