Iazko otsailean Berako eta Lesakako suteetan kaltetutako abeltzainek dirulaguntza eskatzeko epea irekia dute

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 16:30

Iazko otsaileko suteak Beran eta Lesakan kaltetutako eremuak.

Iazko otsailean Beran eta Lesakan izandako suteetan kaltetutako abeltzainendako dirulaguntzak emanen dituzte eta eskaerak egiteko deialdia argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialak. Laguntzak de minimis araubidearen arabera emanen dira.

Kaltetutako abeltzainek abelburuengatik zein kaltetutako ustiategiengatik dirulaguntzak eskatzeko aukera izanen dute. Animalien kasuan ardi, ahuntz, behi eta behorrengatik eta baita erlauntzengatik ere hartu ahalko dute kalte ordaina. Kalteen kalkulua egiteko, galdutako aziendak sutearen aurretik zuen balio ekonomikoa hartuko da oinarri modura.

Abeltzaintzako azpiegituretan izandako kalteengatik, aldiz, azpiegituren lehengoratzea konpentsatzeko laguntzak jasotzeko aukera izanen dute abeltzainek, alde batetik itxitura perimetralak egiteko (piketeak eta alanbrea erabiliz), eta bertzetik ur hodiak instalatu eta lurperatzeko.

Gehienez ere 5.000 euroko laguntza emanen dute ustiategi bakoitzeko.

Atzo argitaratu zen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta eskaerak aurkezteko epea hamar egunetako izanen da. Dirulaguntzen inguruko informazio zehatza hemen klikatuta eskuratu daiteke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun