Eguberrietarako Haur Txokoa antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 20:00

Haur Txokoa eskainiko dute Bortzirietan abenduaren 23tik urtarrilaren 5era.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak eguberrietako oporretan Haur Txokoa antolatu du Bortzirietan. Haur Txokoa haurrek bere denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat da, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, zerbitzuaren bidez, gurasoei aukera ematen zaie seme-alaben heziketa euren lanarekin edota denbora librearekin bateratu ahal izateko. 

3 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratuta dago eta egunero haurrak hiru orduz egonen dira bertan, abenduaren 23, 27, 28, 29 eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. Arantzako eskolako gimnasioan, Berako Beralandetan, Etxalarko eskola zaharretan, Igantziko eskolako gimnasioan eta Lesakako komentuan izanen dira Haur Txokoak.

Izena emateko www.igantzi.eus webgunean agertzen diren jarraibideen arabera eginen da. Formularioa bete behar da eta berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera edo 722 69 30 78 WhatsApp zenbakira bidali behar da edo inprimatu, bete eta Igantziko udaketxea eraman (Berdintasun saileko bulegoa beheko solairuan dago) abenduaren 5a bitarte. Prezioa 20 eurokoa da eta Dindaiako monitoreei eman behar zaie lehen egunean. Herri batean talde bat sortzeko gutxienez zortzi haurrek eman behar dute izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun