Arnasguneak antzerki-beka irabazi duen ‘Intxaurra’ antzezlana estreinatuko du Lesakako Mairu antzerki tailerrak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 15a, 11:00

Mairu antzerki tailerreko kideek Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera izan dute antzezlana sortzeko eta garatzeko prozesuan. Argazkia: Kulturaz kooperatiba

Azpeitiko Antzerki Topaketan eginen dute lehen emanaldia ortziralean eta eskualdean, abenduaren 3an Iruritan eta abenduaren 10ean Lesakan ikusteko aukera izanen da

Ortzirale honetan estreinatuko du Lesakako Mairu antzerki tailerrak Intxaurra antzezlana, Arnasguneak antzerki-bekaren irabazlea. Azpeitiko Antzerki Topaketetan izanen da lehen emanaldia, azaroaren 18an, ortziralean 19:00etan Soreasu antzokian, eta ondoren hainbat udalerritan ikusi ahal izanen da.

Lan honek Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen iazko abenduan, eta antzezlana prestatzeko egonaldia Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egin dute. Dena prest dute Mairu antzerki tailerrekoek arnasguneen garrantzia islatuko duen antzezlana estreinatzeko eta herriz herri bira hasteko, hiru erakundeen eta foru aldundien laguntzari esker.

Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du Intxaurra antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch aritu da zuzendaritza lanetan.

Mairu antzerki tailerreko Juanen Saralegi, entseguetako batean. Argazkia: Kulturaz kooperatiba

Gaizka Sarasolak azaldu duenez, Dinamoko egonaldiak albaindua zuten lana biribiltzen lagundu die: «Aukera paregabea izan da hainbertze egunez espazioa eta baliabide teknikoak eskura izatea. Lana egin eta ongi pasatzea gauza ederra da. Intxaurrak forma hartu eta taldea indartzeko balio izan digu». Intxaurra sortzeko arnasguneen gaiak antzerki taldean zer eragiten duen izan dute abiapuntu; zein kezka, zalantza, oroitzapen, irudi, hitz, ideia, metafora… eta osagai horiekin guztiekin ondu dute istorioa. Sarasolaren ustez, Intxaurra ikusten dutenek «aukera izanen dute hunkitzeko, irri egiteko edota hausnartzeko», eta adierazi du batean eta bertzean emanaldiak egiteko irrikaz daudela: «Normalean gure komunitatetik edaten dugu gure antzezlanak sortzeko, gure inguru hurbilenetik, bere ezaugarri eta iruditegietatik. Orain, UEMAko herrietan eta bertze batzuetan lan hau eskaintzeko aukera izanen dugu, eta badugu gogo berezi bat nola hartuko ote duten ikusteko. Identifikatuak sentituko ote diren; interpelatuak nolabait ere. Ea horrela den!».

Mairu antzerki tailerreko Josune Etxepare. Argazkia: Kulturaz kooperatiba.

Lesakako Mairu taldeak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako ekimen batetik abiatuta sortu zuten. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan izan zen sorrera, eta euskarak eta kulturak beti izan dute eragina taldean. Euren antzezlanetan komunitateari eragiten dioten gaiak lantzen dituzte, tradiziotik elikatuz.

 

Arnasa Gara ekimenaren beka

Arnasguneak antzerki-beka Arnasa Gara egitasmoaren baitan sortu da. Arnasa Gara kanpaina 2019an abiarazi zuten UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko helburuarekin, eta euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta ikusarazteko. Arnasguneak bekaren deialdira bederatzi lan aurkeztu zituzten, eta iazko abenduan jakinarazi zuen epaimahaiak Mairuk irabazi zuela Intxaurra obra prestatzeko 23.000 euroko dirulaguntza, horien baitan ekoizpeneko gastuak eta bertze hainbat taldeak bere gain hartzeko baldintzarekin.

 

‘Intxaurra’ antzezlana. Sinopsia

«Terexa gaixorik dago, baina ez bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan».

 

Lantaldea

Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchsen laguntzarekin).
Testua: Gaizka Sarasola.
Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi eta Gaizka Sarasola.
Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
Soinu diseinua: Ibai Gogortza.
Musika: Ibai Gogorza eta Gaizka Sarasola.
Eszenografia eta atrezzoa: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.
Jantziak: Marodi Sorkuntzak.
Kartela: Garazi Conde.
Argazkiak: Gotzone Rekondo.

Datozen emanaldiak. Egutegia:

  • Azaroak 18, Azpeitian (Soreasu Antzokian).
  • Abenduak 3, Iruritan (Gizarte Bilgunea).
  • Abenduak 4, Markina-Xemeinen (Frontoian).
  • Abenduak 8, Abaltzisketan (Kzgunean).
  • Abenduak 10, Lesakan (Harriondoan).
  • Abenduak 30, Aramaion (Kultur Etxean).
  • Otsailak 12, Oñatin (Santa Ana aretoan).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun