Margotzea afizioa du Javier Igoa lesakarrak eta aspaldiko urtetan hango eta hemengo margo lehiaketa azkarretan parte hartu du. Aunitzetan sariak ere lortu ditu. Aurten ere ibilia da harat-honatean eta zenbait sari lortu ditu.
Honela, udaberrian, Soraluzen (Gipuzkoa) hirugarren saria eskuratu zuen maiatzaren 9an eta Elgoibarren (Gipuzkoa) 800 euroko sari nagusia ekainaren 4an.
Udako atsedenaldiaren ondotik, udazkenean eman ditu azken pintzeladak. Lehiaketetan ibili da eta aste guttiren barrenean sariak lortu ditu. Honela, Ziraukin (Nafarroa) hirugarren saria eskuratu zuen urriaren 23an, Elorrion (Bizkaia) bigarren saria urriaren 29an eta Lakuntzan (Nafarroa) bigarren saria azaroaren 5ean.
Guztietan, hainbat estilotan (figuratiboa, errealista, inpresionista…) margotzen duten margolari onenekin lehiatu da, baina Igoak dioenez, «ez da karrera bat bezalakoa, horregatik, gero eta zailagoa da podiuma egitea». Adibidez, parte hartu duen azken lehiaketan, Lakuntzan, lehenbiziko saria eskuratu zuen margolana guztiz errealista zen, eta bigarren, saria, Igoarena, «inpresionista totala». Margolari lesakarrak aipatu digunez, «guk koadroa egiten dugu, gero bertzeen eskutan gelditzen da hori baloratzea». Hori bai, «gero eta gogorragoa» egiten zaio. «Goizeko seietan goiti –dio Igoak–, gosaldu, traste guztiak prestatu, ordu edo ordu eta erdiko bidea egin, sinadura, margotzeko lekua harrapatu, ea zer eguraldi egiten duen, eguzkia, haizea, euria... Presaka margotu behar da, metroko koadroko oihala bete behar, ordu bietarako bukatu, deusetarako denborarik gabe…» Halere, gustuko lana duela onartu digu Javier Igoak eta «azkenean, hagitz kontent, suerte handia izan dut epaimahaiekin eta nire lana baloratu dute».