Elizatea berritzeko obren kontratua alde batera uzteko prozedura hastea erabaki du Igantziko Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 10a, 16:00

Igantziko Udalak duela aste batzuk iragarri zuen Elizatea eraberritzeko lanak azken fasean sartzekotan zela, eta agudo aterako zuela enkantera La Villa jatetxearen kudeaketa. «Zoritxarrez eta ustekabean», ordea, obrak gelditu behar izan dituzte.

Udalak jakitera eman duenez, «Construcciones Boreste ez zen hornitzaileei edo azpikontratatutako enpresei ordaintzen ari». Horregatik gelditu dira obrak. Gaineratu duenez, «egun batzuk ziurgabetasunez pasatu ondotik eta kontratak lanari berriz ekiterik izanen ez zuela egiaztatu ondotik, udalak kontratua alde batera uzteko prozedura hastea erabaki du».

Hala, obraren amaiera bertze enpresa bati esleituko dio Igantziko Udalak, eta horretarako legeak eskatzen duen prozedura hasiko du berriz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun