'Gernika Batzordea' dokumentala aurkeztuko dute ortziralean Berako Kultur etxean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 8a, 10:00

Haritz Petralanda eta Ibon Meñika egileekin solasaldia izanen da ondotik

Berako Udalak eta Kultur Batzordeak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen dokumentalaren proiekzioa antolatu dute. Azaroaren 11n 18:30ean Kultur etxean izanen da aurkezpena eta sarrera doan izanen da. Proiekzioaren ondotik solasaldia izanen da filmaren egileen eskutik, Haritz Petralanda eta Ibon Meñika.

Sinopsia

Gernika Batzordeak 45 urte bete zituen 2021eko apirilean (1976-2021). Joan den urrian «Gernika Batzordea: 1976tik kontakizunaren kaleidoskopioa eraikitzen» ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten, orain arte egindako bidea kontatzen duena.

Gernika Batzordeak bilakaera bat du diktaduratik gaur egunera arte. 45 urtez herri-memoria lantzen aritu da, kontakizun kaleidoskopiko bat eraikiz bonbek eta bizipenen zatiek suntsitutako bizitzaren baturarekin. Are gehiago, beti jarri da une historiko bakoitzaren zerbitzura, gatazka politikoen aitzinean konponbideak bilatuz.

Orain arte egindako bidea kontatzeko asmoz, protagonisten ahotsetatik abiatuta egin zen ikus-entzunezko hau, proiektu kolektibo izaera emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun