Lesakako elizako organoa zaharberritzeko lanen lehen fasean hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 6a, 11:00
Lesakako elizako organoa zaharberritzeko lanean hasiak dira.

Lan osoaren aurrekontua 90.000 eurokoa da eta Ruben Perez Iracheta ari da moldaketa lana egiten

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkartearen eskutik, organoa zaharberritzeko lanen lehen fasean hasiak dira. Santo Domingo de la Calzadan tailerra duen eta gisa honetako lanetan aditua den Ruben Perez Iracheta musikologo eta organeroak hartua du lan hauen ardura eta dagoeneko hasia da. Lan osoaren aurrekontua 90.000 eurokoa da eta, alde batetik, MECNAren bidez 40.000 euro eskuratuak ditu elkarteak eta Nafarroako Gobernuak ondarea zaharberritzeko 27.000 euroko dirulaguntza ere emanen du.

XIX. mende bukaerako Nafarroako instrumentuen artean hobekien kontserbatutako organoetako bat da Lesakakoa eta estatu osoan Roquéstarrek egindakoen artean interesagarrienetakoa. Hoditeria nahiz tresneria kalitaterik gorenekoak dira eta barneko diseinua bikaina da. Goi mailako kalitateko materialaz egina da, baina denborak eta erabilerak eragindako desgastea begi-bistakoa da.

1892an egin zuten organo erromantikoa Manuel Roquések eta anaiek eta 1951. urtean sakon konpondu zuen Hernaniko Amezuak, erregistro berriak paratuz eta garaiko beharretara egokituz. Baina konponketa honetan ez zen material noblerik erabili eta bipien lana nabari da, batez ere moldaketa horietarako erabilitako piezetan eta zoritxarrez, bertze piezetara ere hedatzen hasia da. Orain, moldaketa horretako puskarik gehienak kendu eginen zaizkio eta hasierako organoaren itxurara hurbilduko da. Musika-tresnan ez ezik, aldi berean gibeleko paretean ere moldaketak egiten ari dira, hezetasun arazoak konpontzeko.

Lehen faseko lanak zertan diren ikusteko bisita gidatua ere antolatu nahi du Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun