Gaur goizean aurkeztu dute Nafarroako Museoan Lesakako Martxel Rodriguez dantzariaren proiektu artistikoa, 2021ean Talentu Artistikoaren Sustapenerako saria jaso zuena. Orain, eszenara itzuliko da lesakarra Esquicio izeneko lehen bideo-sormen edo bideo-dantzarekin.
Martxel Rodriguez eta Jon Lopezek, Led Silhouette dantza-konpainiako zuzendariek, El Estudioko Ana Escariorekin eta Adela Morenorekin lankidetzan egindako lehen bideo-sormen lana da Esquicio. Sorkuntza berriaren bidez, elkarrizketa bat sortu dute mugimenduan dauden gorputzen eta Nafarroako kultura-arloko eraikin enblematikoen artean.
Martxel Rodriguezek azaldu duenez, proiektu honetan gorputzak «informazio, nortasun, pribilegio edo zapalkuntza-edukiontzi» gisa ulertzen ditu. Gorputz horiek Nafarroako Gobernuaren eraikin enblematikoekin solas egiten dute, «dokumentu, informazio eta artelanen babesleku eta gordailu direlako, bizigabe izanagatik egunero gure gorputzak zeharkatzen dituztelako, gure orainaldi nahasi honetan gidatzen gaituen iparrorratza bezala». Rodriguezek dioenez, «gure gaztetasunetik eta gure karrerak bizitzea eta garatzea egokitu zaigun testuinguruan, mendeetan erantzun ez diren galdera berberak ditugu. Eta Esquicio lanean galdera horiek berriz ere plazaratzen ditugu, baina gaur egungo kode estetikoen iragazkiarekin».