Lesakako frontoiko eguzki-panelak lanean hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 20:00

Udal pilotalekuko teilatuan paratu diren eguzki-panelek sortutako energia kiroldegira bideratuko da gehien bat, baina bertze udal eraikinetan ere erabiliko dute.

102.175 euroko inbertsioa egin du udalak eta Nafarroako Gobernuak 40.000 euroko dirulaguntza eman du

Lesakako udalak eguzki-panelak paratu ditu udal pilotalekuaren teilatuan. Horretarako 102.175,12 euroko inbertsioa egin da eta Nafarroako Gobernuak 40.000 euroko dirulaguntza eman du (% 39,15). Instalazioa egiten joan den urtean hasi baziren ere, arazo administratiboengatik tramiteak luzatu eta urri hondarrera arte ezin izan dute martxan jarri. Azpiegitura berri honekin, gehien bat Oilartegi kiroldegia hornituko dute, baina bertze udal eraikinetara ere ailegatuko da energia.

Inbertsio hau agudo amortizatzea espero du udalak, suhiltzaileen parkeko teilatuan paratutako eguzki-panelek Andra Mari zahar etxearen fakturan izan duten eragina oinarri hartuta. Urtarriletik irailera zahar etxeak 28.051,44 Kw kontsumitu ditu, 8.959,53 euroko gastuarekin (BEZ barne), baina autokontsumo ordainsariarekin 8.231,95 aurreztu da eta autokontsumo konpentsazioaren bidez sortutako 24.016 Kw 5.009 eurotan saldu du udalak. Gasa doitzeko mekanismoak ekainetik irailera 1.558,18 euro gastatu du eta 1.423 euro aurreztu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun