Gau Beltza

Gau beltza ospatu dute Berako Labiaga Ikastolan ere

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 4a, 07:00

Kuadrilla polita elkartu zen Labiaga ikastolan Gau Beltzean ateratzeko.

Berako Labiaga ikastolako gau beltza zoragarria izan da. «Jende andana elkartu gara, haurrak, gazteak, helduak…Euskal Herriko ohitura jarraituz, mozorro egokiak jantzi, eta beldurrak eta izpirituak uxatzeaz gain, neguari ongi etorria eman diogu».

Ikastolan elkartu ziren, eta ongi girotu ondoren, herrian barrena eskatzen ibili ziren. Zoko ilunetan kalabazak zeuden, baita eskatu beharreko lekuetan ere. Bidean, iluntasunean, beldurra sumatzen zen baina taldean eramangarria izan zen. Bertzalde, izpirituek beraien berri izateko, txistularien laguntza ere izan zuten eta «haiek uxatzen lagundu digute».

Geldialdi batean, amatxi zahar batek ipuin bat kontatu zien: «Denak adi-adi egon gara, ipuinarekin gozatu eta emandako mezua ongi barneratu dugu. Haurrez gain helduek ere gozatu dugu».

Amatxiren ahotik ipuina aditzen.

Etxeetan eskatzeko borobil haundia egin eta denek abestu zuten. Etxeetako nagusiek  ere arropa berezia jantzia zuten. «Hagitz esku zabalak izan dira gurekin eta gure erranak ongi aditu ondoren jatekoa eman digute. Ikastolara itzuli garenean, gure beldur handiak eta ttikiak, erre eta gaztain jateari ekin diogu», ikastolatik jakinarazi dutenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun