Astelehen arratsaldean hasi ziren Arantzako Euskara Batzordeak antolaturiko udazkeneko kultur egunak. Aritz Ganboa artzain ezagunaren bisitak jakin-mina eta interesa piztu zuen herritarren artean eta Baskulan lagun andana bildu zen. Ganboak berak landutakoa den eta landa eremuaren eta baserrigintzaren aldarria egiten duen Bideak dokumentala ikusteko aukera izan zuten bertaraturikoek. Ondotik, berarekin solasaldia izan zen.
Bitartean, Ekaitza Elkarteko batzordekide eta bertze hainbat herritar, biharamuneko ekitaldirako guztia prestatzen aritu ziren: erakusketa eta salmenta postuak muntatu, ostatua paratu... Izan ere, azaroaren lehena izanik, Baserritarren Egunaren 26. edizioa ospatu zuten.
Ohi bezala, aziendak plazan ikus zitezkeen: behiak, ardiak, ahuntzak, ahariak... Frontoian, berriz, erakusketa eta salmenta postuak: barazkiak, fruituak, zerrikiak, gozokiak, sagardoa, taloak, eskulanak, egutegiak, kamisetak, jokoak... Herriko trikitilariek eta panderojoleek alaitu zuten goizeko azoka giroa eta pintxoak eta tragoxkak hartzeko modua ere izan zen eskolakoek jarritako ostatuan.
Bertze urte batez, ahari eta gazta lehiaketak ere egin zituzten. Ahari lehiaketan, bi sari banatu zituzten. Doneztebeko albaitaria den Alfredo aritu zen epaile lanetan eta lehenbiziko saria Antonio Iturriarentzat izan zen (50 €) eta bigarren saria Oskozenera joan zen (25€).
Gazta lehiaketan, berriz, zortzi gazta aurkeztu zituzten. Epaimahaia bortz lagunek osatu zuten: Leire Mitxelena, Iñigo Etxeberria, Araitz Urrutikoetxea, Jabi Etxebeste eta Mikel Manzanok eta gaztak ikusi, probatu eta usaindu ondotik, ondokoa izan zen epaia: Lehenbiziko saria Otsarrako Maritxu Larretxearen gaztak eskuratu zuen (120€); bigarren saria Seroren bordako Margari Madariagak (100€) eta hirugarrena Martineko bordako Rosa Mari Iribarrenenek (60€). Ondotik, hiru gazta sarituen enkantea egin zuten.
Bertako ekoizleek emandako produktuekin hornituriko saskia ere zozketatu zuten eta sariduna Gaizka izan zen.
Kultur egunen segida
Baina kultur egunak hasi bertzerik ez dira egin Arantzan. Oraindik ere jarduera gehiago antolatuak baitaude asteburura begira. Azaroaren 4an, ortziralean, 19:00etan liburutegian, Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Arantzako erabilera izenburuko solasaldia emanen du Andres Iñigo hizkuntzalari eta euskaltzain iturendarrak.
Biharamunean, azaroaren 5ean, 17:00etan eta eskolan, Oso printzesa iletsua haurrentzako antzerki emanaldia izanen da. Eta ilunabarrean, 19:30ean, herriko etxeko gorapean, Aire ahizpak taldeak kantaldia emanen du.
Kultur egunak borobiltzeko, igande arratsaldean, Ekaitza Elkartean, 16:00etan partxis txapelketa izanen da gaztetxoentzako; 18:00etan berriz, helduentzako mus txapelketa eginen dute.