Xalbador Madariaga

«Lehen jendeak aunitzez gehiago estimatzen zuen plazako musika»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 30a, 09:00
Hamarkada luzez solfeo eta akordeoi irakasle izan da Xalbador Madariaga Almandoz, eta plazaz plaza ere aunitz ibilitakoa da.

Xalbador MADARIAGA ALMANDOZ, Lesakako akordeoilaria

43 urtez Lesakako Musika Eskolako irakasle izan denak erretiroa hartu du. Solfeo eta akordeoi irakasle lanetan eta plazaz plaza musika jotzen egin duen ibilbideari errepasoa eman diogu.

Aurtengoa ezohiko ikasturtea izaten ari da Xalbador Madariaga Almandozentzat. 43 urtez akordeoi eta musika irakasle izan ondotik, joan den ekainean hartu baitzuen erretiroa. Akordeoiarekin plazaz plaza ere urte azkarki ibilitakoa da, musika izan baita bere bizia. Erretiroa hartuta ere ez du bere musika tresna kuttuna alde batera uzteko intentziorik. Haurtzarotik hasita musikaren bueltan egin duen ibilbideaz aritu da TTIPI-TTAPArekin.  

Arantzan sortua zara, zazpi urterekin Lesakara bizitzera joana... 

Bai, Arantzako Zerrado baserrian sortu nintzen, eta urte bat nuenean, Artikutzara joan ginen. Sei bat urtez han bizitu ginen eta zazpi urterekin Lesakara etorri nintzen. Geroztik Lesakan bizi naiz.

Hortaz, aranztarra edo lesakarra? 

Aranztarra naiz, hori ezin dut ukatu, eta beti gustukoa izan dut herria. Udan hamar-hamabortz egunetarako amaren sortetxera, Erreneko bordara, joaten ginen uda pasatzera eta hagitz gustura egoten ginen. Geroztik Arantzara beti gustura joan naiz eta orain ere kinto besta egiten dugunean han izaten naiz. Baina gazte denborako lagunak Lesakan ditut.

Nolako haurtzaroa duzu gogoan? 

Artikutzako gauza batzuez oroitzen naiz, han nola aritzen ginen jostetan. Baloi bat izaten genuen, frontoi ttiki bat ere izaten zen, gauza haundirik ez genuen izaten, eta lagunak edozein gauzarekin aritzen ginen jostetan. Arrantzan ibiltzea ere gustatzen zitzaidan, eta oroitzen naiz hurritz batekin attak kanabera bat egin zidala eta harekin ibiltzen nintzela. Debekatua izaten zen arrantzan ibiltzea eta administratzaileak behin baino gehiagotan erran izan zidan amuarrainik ez harrapatzeko». Eta noizbait bat harrapatzen banuen, amuarraina kanaberatik kentzeko astirik hartu gabe lasterketa joaten nintzen etxera. Gero Lesakara etorri nintzen eta eskolan hemen ibili nintzen.

Etxean hartu zenuen musikarako afizioa. Kontatuko zeniguke? 

Attak akordeoia jotzen zuen. Artikutzan ez zen deus izaten, eta neska batzuek dantzatzeko musika nahi izaten zuten eta attak jotzen zuen. Nik, berriz, tomate poteekin bateria bezala egina izaten nuen eta han aritzen nintzen berarekin. 

Lehenbizi solfeoa ikasten eta gero akordeoiarekin hasi zinen, Lesakan... 

11 urte nituenean solfeoa ikasten hasi nintzen Santiago Irigoienekin eta 12 urterekin akordeoia ikasten Pepito Iantzirekin. 17 urtera arte egon nintzen Iantzirekin. Baina titulua atera nahi nuen, eta horretarako kurtsoak egin behar ziren kontserbatorioan eta Mikel Bikondoarengana joan nintzen Donostiara. Bere akademian akordeoia ikasten aritu nintzen, azterketak nire aldetik egin nituen eta bertze ikasgai batzuk kontserbatorioan egin nituen. Horrela atera nuen akordeoi titulua. 

Hasieratik garbi zenuen akordeoia ikasi nahi zenuela? 

Bai. Solfeoan hagitz ongi hasi nintzen eta Santiago Irigoienek instrumentuarekin hasteko erraten zidan. Halako batean bere txistu bat eman zidan, txistua jotzen ikasteko. Etxera eraman nuen, baina attari ez zitzaion gustatzen aunitzik, eta ez nuen kasik deus egin. Segidan akordeoiarekin hasi nintzen eta akordeoiarekin segitu nuen.

Ikasketak bukatuta hasi zinen lanean? 

Ikasketa guziak bukatu baino lehenagotik hasi nintzen klaseak ematen Lesakan. Orduan Jabier Igoak musika eskola sortu berria zuen, eta klaseak emanen nituen galdetu zidan. Hiru bat urte izanen zituen musika eskolak, instrumenturen bat edo bertze ematen ere hasia zen, eta hortik aparte, fabrikan lanean ari zen. Denetara ez zen ailegatzen eta orduan hasi nintzen, soldaduskatik etorri berritan, 22 urterekin.

Geroztik urte batzuk pasatu dira... 

Bai, 43 urte egin ditut musika eskolan. Solfeo klaseak ematen hasi nintzen. Hasiera hartan Jabierrek [Igoa] instrumenturen batzuk erakusten zituen, tronpeta, saxofoia... baina ez zegoen bertze instrumenturik, ezta piano bat ere. Akordeoia ere beranduago sartu genuen. Gaur egun, eskaintza aunitzez zabalagoa da.

Musika eskolaren ibilbidean, zein aldaketa nabarmenduko zenituzke? 

Gaur egun musika eskolak duen martxarekin konparatuz, lehengoa  aski diferentea zen. Orduan Pablo Sarasate Nafarroako Kontserbatorioaren filialak ginen, eta nahitaez kontserbatorioko programazioa egin behar izaten genuen. Dena egina izaten genuen, eta hura bakarrik eman behar genuen. 1992an aldatu zen, LOGSE (Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea) indarrean sartu zutenean. Geroztik diferentea da, orain musika eskola bakoitzak bere programazioa egiten du eta lan gehiago da. Horrez gain, garai hartan azterketek eta denek balio akademikoa zuten eta klaseak emateko manerak ere pixka bat diferenteak ziren. Orduan solfeoa astean hiru egunez ematen genuen, hiru ordu astean, eta orain bi dira, eta eman nahi den materia gutti goiti-beheiti igualtsua da. Solfeoan doinua, irakurketa, erritmoa, teoria, diktaketak eman behar dituzu, eta denetara ailegatzea zaila da. 

Musika eskolako zuzendari ere izan zinen, eta ez Lesakan bakarrik... 

Lesakako Musika Eskolan hamar urtez izan nintzen zuzendari. Doneztebeko eta Olaztiko musika eskoletan ere ibili nintzen zuzendari lanetan.

Nolatan ailegatu ziren gonbitak?

Lehenbizian ez nintzen batere mugitu Lesakatik. Gero, ordea, akordeoi ikasleen kopuruak beheiti egin zuen, eta gustuko lekuak lortu arte probak egiten hasi nintzen. Donezteben Iñaki Dieguezen ordezkapen bat egiten aritu nintzen, eta hark utzi zuenean berriz sartu nintzen. Tartean bortz urtez Doneztebera joan gabe pasatu nituen, eta orduan hasi nintzen Olaztin. Gero berriz Iñaki Dieguezek utzi behar zuela eta, berriz hasi nintzen. Hiru musika eskoletan izan nintzen zuzendari. 

«Hasi ginenean akordeoiaren booma izan zen, gero jaitsi zen»

Ikasle kopuruak beheiti egin zuela aipatu duzu... 

Hasi ginenean booma izan zen, izugarrizko jende pila apuntatzen zen solfeoa ikasteko. Bizpahiru urtez urtero 35 ikasle apuntatu ziren. Eta urte batean 35, hurrengoan bertze horrenbertze... Akordeoiarekin ere lauzpabortz urte fuerteak izan genituen, urtero 15-17 ikasle apuntatzen ziren eta hori hagitz aunitz da, ia ezinezkoa. Gero trikitixa goiti joan zen eta akordeoiaren booma jaitsi zen.

Xalbador Madariaga Harriondoa atarian. Gaur egun horixe da Lesakako Musika Eskolaren egoitza. Garai batean, Lesakako eskolan izaten zen.

Akordeoiarekin lotu izan zaitugu normalean, baina pianoa jotzen duzu eta trikitixa erakusten ere aritu zara... 

Bai. Pianoarekin Ekaitz taldearekin jotzen hasi nintzenean hasi nintzen. Bi edo hiru kurtso egin nituen. Trikitixa, berriz, bat erosi eta ikasten hasi nintzen, eta Lesakako, Doneztebeko eta Olaztiko musika eskoletan eman nituen klaseak. 

Notekin, noski... 

Bai. Ematen du jendeak zenbakiekin errazago ikasten duela. Ez dakit errazagoa den edo ez, nik ez dut zenbakiekin ikasi eta niretzat notekin errazagoa da. 

Zure erakusteko modua aldatu da urteotan? 

Pixka bat bai. Hasieran ez genuen ez pianorik ez deus, eta pianoa solfeoan laguntzeko tresna ona da. Instrumentuarekin, ordea, lehen bezalatsu aritu naiz. Klaseak beti banaka eman ditut. Eta titulua atera nuenetik irakaslerik hoberenekin ikastaroak egiten saiatu naiz: errusiarrekin, finlandiarrekin, italiarrekin...

«Gaur egun gauza aunitz egin nahi dituzte, baina egunak, lehenago bezala, 24 ordu ditu»

Musika eskola eskolaz kanpoko jarduera da. Gaur egun aukera zabala dute eta nola ikusten duzu? 

Gaur egun gauza aunitz egin nahi dituzte, baina egunak, lehenago bezala, 24 ordu ditu. Hori ez da aldatu eta zaila da hainbertze gauza dituztenean dena ongi egitea. 

Zuk garbi zenuen... 

Gure garaian ez zen eskolaz kanpoko jarduerarik izaten. Ni akordeoiarekin hasi nintzen eta horrekin segitu nuen. Gainera, baserrian bizi nintzen, eta kasik ez ginen herrira jaisten. Denbora aunitz pasatzen nuen akordeoiarekin. Batxilergoa egiten ari nintzenean, bazkalondoan hiru ordu laurdenez jotzen nuen, berriz eskolara joan arte. Solfeora, berriz, eskolako errekreo denboran joaten nintzen. 19:30ean eskolatik joaten nintzenean, afaltzeko denbora bitarte, berriz akordeoia hartzen nuen, eta afalondoan eskolako lanak. Ez nituen behin ere biharamun goizera arte utziko. Nahiago nuen ohatzera berandu joan, baina lasai joan.  

Plazaz plaza ere urte azkarki egindakoa zara. Noiz hasi zinen? 

14 urterekin hasi nintzen, eta pixkanaka-pixkanaka  herri pila batetik deitzen hasi ziren. Nire bizi guzia hola izan da. Hasi nintzenean ez nuen ez anplifikadore ez deus, akordeoiarekin bakarrik ibiltzen nintzen. Handik bi urtera Beti Jai taldeak anplifikadorea saldu behar zuela eta haiei erosi nien.  

Lehenbiziko emanaldia non eman zenuen? 

Urtezahar gau batean izan zen, Sunbillako Fonda ostatuan. Attak motoan eraman ninduen, akordeoia bizkarrean. Lehenbiziko inauteriak Iruritako errekan izan ziren, eta bestetan, berriz, lehenbiziko herria Zilbeti izan zen. Lau egunetarako joan nintzen eta egun bat edo bi gehiago gelditu nintzen. Iruritako errekako inauterietan ere hala egin nuen. Hortik aitzinera gero eta gehiago deitzen hasi ziren, eta 18 urterako urtean ehun bat saio izanen nituen.

«Hasi nintzenean herri guztietan jendea esperoan egoten zen»

Urteotan plazako giroa aldatu da? 

Bai, bai, aldatu da. Hasi nintzenean, herri guzietan jendea esperoan egoten zen. Hagitz ongi tratatzen gintuzten, orain baino aunitzez gehiago estimatzen zuten musika eta jendeak aunitz dantzatzen zuen. Denborarekin, teklatua, erritmo kaxa...Denak paratu genituen, baina hala ere, lehen baino aunitzez ere gehiago kostatzen da jendea mugitzea. Lehen jendeak bazuen gogoa; orain jendea zuk animatu behar duzu. Orain, orain bat gehiago zara, eta lehen ez.

Ekaitz taldea ere ezin dugu aipatu gabe utzi. Nola ailegatu zitzaizun taldean jotzeko proposamena? 

Gregorio Mitxelena taldeko akordeoilariak utzi behar zuela eta, niregana etorri ziren, eurekin jo nahi nuen galdetuz. Proba egiteko hasi nintzen eta esperientzia polita izan zen. Aldaketa ere sumatu nuen, ez baita bakarrik aritzea bezala. Bakarrik joaten nintzenean, jo behar ez nuen denbora guzia bakarrik pasatzen nuen, eta buelta bat ematera joateko probesten nuen edo plazan norbait baldin bazen harekin egoten nintzen. Taldea duzunean, aukera gehiago dituzu, eta jotzeko denboran ez zaude bakarrik. Denen artean egin beharreko zerbait da, eta elkar babesten da. Biak politak dira.

Zenbat urte pasatu zenituen Ekaitz taldearekin? 

24 urterekin hasi nintzen eta sei bat urte egin izanen nituen, 29 urte izan arte.

Hainbertze urtez anekdotak ere izanen dituzu... 

Bai, bai... [irriz]. Ekaitz taldearekin herri bateko bestetan ginen. Egunero bazkaltzeko eta afaltzeko xuri-beltxak ateratzen zizkiguten, eta egun batean bokadiloak eta baloi bat hartu eta Leurtzara joatea pentsatu genuen. Hantxe joan ginen. Baina baloiarekin hasi ginenean, presara joan zitzaigun. Ni joan nintzen baloia eske, eta barrenera sartua bazen ere, harrapatzeko moduan nuen. Inguruan hezetasun haundia zegoen eta hanka paratu nuenean irristatu eta uretara joa nintzen. Nik igerian ez dakit eta ez dakit nola atera nintzen. Taldekideak etortzerako kasik idorrera aterata nintzen, baina kristoren soinuak ateratzen omen nituen... 

Maiatzaren 7an omenaldi ederra egin zioten Madariagari Lesakan. Argazkia: Pako Sanchez.

Bertzalde, omenaldi polita egin zizuten maiatzaren 7an... 

Bai, sorpresa handia izan zen. Badira Lesakara sanantonetan etortzen diren Oiartzungo gaitero batzuk. Ba aurten, maiatzaren 7a baino hilabete edo hilabete eta erdi lehenago, akordeoilarion Whatsapp taldean Oiartzungo gaiteroek maiatzaren 7an Oiartzunera joanen ote ginen galdetu zutela idatzi zuten. Zerrenda egiten hasi ziren, eta saila apuntatu ginen. Eguna ailegatu baino egun batzuk lehenagotik, Maider Goizuetari Oiartzunera joateko gelditu beharko genuela aipatu nion, eta berak, baietz, Litrirekin egon eta abisatuko zidatela nola joan behar genuen. Hurrengo egunean Litri nire etxera nire bila etorriko zela idatzi zuten. Dozena bat ardirekin eta oilo batzuekin txabola bat izaten dut, eta bezperan, Aitziber ilobak biharamunean lanak egitera bere atta joanen zela erran zidan, ni ez joateko. Eta hurrengo goizean, maiatzaren 7an, gauza bera. Nik «09:00etan geldituak gara Oiartzunera joateko eta ordurako goiko buelta aisa eginen dut» erantzun nion. Halaxe egin nuen joan-etorria. Oiartzunera joateko ideiarekin, akordeoia maletan sartzen ari nintzenean, Mikel ilobak terrazara joateko eta joateko erran zidan.  Terrazara atera eta akordeoi soinua sumatu nuen, eta bi egun lehenagotik urteak beteak nituenez, zorionak jotzeko kalejiran etorriko zirela pentsatu nuen. Baina ailegatzen hasi zirenean, jende aunitz ikusi nuen, normalean biltzen ez den jendea, eta pankarta bat ere bai. Aitziber ilobak «Gaur probestu eta ongi pasatu, zure eguna da eta» erran zidan. Negarra etorri zitzaidan. Kalejiran gosaltzera joan ginen, eta trago batzuk hartu eta gero Oiartzunera joanen ginela pentsatzen nuen. Ez nuen imajinatu ere plazakoa. Gosaldu eta bueltan, plazara ailegatzerakoan, Beñat Mitxelena ikusi nuen akordeoiarekin, bozgorailuak paratuak, eta plaza inguruan jendea. «Hemen ere badiagu zerbait» pentsatu nuen, eta hala izan zen. Beñatek pieza bat egin zidan eta hura jo eta partitura marko batean sartuta eman zidan. Gero bertso batzuk... eta bazkaltzera. Inondik inora espero ez nuen sorpresa izan zen, egun ederra  eta polita. Lagun aunitz elkartu ginen, Enrike Zelaia bera, Iruñerriko akordeoilariak, ikasle ohi aunitz, familia... Kasik ehun lagun bildu ginen, tartean inondik inora espero ez nuen jende aunitz.

35 urteren ondotik, Ekaitz taldea ere bildu zen zure omenaldirako... 

Bai, bai... Plazara ailegatu ginenean taldekide batzuk ikusi nituen, eta bazkaltzera joan ginenean konturatu nintzen bertzeak ere han zirela. Taldea berriz elkartzea eta eurek aditzea hagitz polita izan zen, oroitzapen aunitz ekarri zizkidan...

Erretiroa hartu duzunetik aunitz aldatu da zure eguneroko martxa? 

Lasaiago nabil. Lehen beti zerbait prestatzen aritzen nintzen. Aurten ez dut deus prestatu beharrik, eta espero dut entseatzeko denbora gehiago izatea.  Ez naiz behin ere denbora ezin pasatuz egon. Beti harrapatu izan dut distraitzeko modua.

Kalejiratan ikusiko zaitugu? 

Momentuz, bai. Bestetan eta inauterietan ez naiz lehenago bezala ibiliko, baina bazkariren bat edo zerbait baldin bada bai. Lesakatik kanpo inauterietan jotzeari aspaldi utzi nion, gero musika eskolako klaseak errekuperatzea ezinezkoa izaten zelako. Udan oporrak izaten nituen eta pandemia hasi arte segitu nuen. Pandemiarekin dena gelditu zen, eta hor utzi nuen. Geroztik deitu izan didatenean ezezkoa erran izan dut. Ez da 20 urterekin bezala, erritmoa galtzen da eta gogorragoa da.

Zer eman dizu musikak? 

Dena eman dit, nire bizia izan da. Jende eta herri aunitz ezagutzeko aukera eman dit, eta hori polita da. Musikari esker bertzela behin ere ailegatuko ez nintzatekeen tokietara joan naiz, eta bertze tokietako ohiturak ezagutu ditut. Aunitzetan urruti joaten gara, baina hemen ere bada zer ikasi eta zer ikusi.

 
Xalbador Madariagarekin kontu kontari

Tekladun akordeoia edo botoiduna? 
Botoiekin. Nire attak botoiekin jotzen zuen, eta bere akordeoiarekin hasi nintzen. Gainera, behatzak luzatu behar direnean hurbilago gelditzen dira botoiak.

Zenbat akordeoi dituzu? 
Zortzi.

Akordeoi marka bat? 
Lehenbiziko erosi nuena, Cooperativa Stradella.

Akordeoilari bat? 
Hemengoen artean Enrike Zelaia nire idoloa izan da, eta kanpokoen artean Yvette Horner frantsesak hagitz ongi jotzen zuen.

Plaza bat? 
Bakarrik jo izan dudanean Zilbetin eta alde horretan hagitz giro polita sortzen zen, baita Egozkuen ere edo Lakuntzan. Ultzaman ere jendetza biltzen zen erromeria bat izaten zen...

Pieza bat? 
Bat aukeratzekotan Enrike Zelaiaren Txoko Maitea.

Piezarik asmatu duzu? 
Bat edo bertze, aunitz ez. Julian Retegiri himno bat egin nion eta letra Euzkitzek paratu zion. 

Gustura ikasiko zenukeen instrumentu bat? 
Gustukoenak akordeoia eta pianoa ditut. Igual pianoa gustura ikasiko nuke hobekiago.

Eta ikasiko ez zenukeen musika tresna bat? 
Ez dakit... Ez dut behin ere pentsatu. Ez dut gustatzen ez zaidanik.

Solfeoa edo akordeoia erakutsi nahiago duzu? 
Biak gustura egin ditut baina diferenteak dira, bat taldeko lana da, bertzea bakarkakoa. Bakarkakoan ikasleak zenbat hobetu duen ikustean satisfazio haundia sentitzen da. Taldean ari zarenean, zaila da denek beti ongi egitea. Solfeoan badakizu zeinek egiten ahal duen ongi eta zeinek ez. Belarri ona ez baduzu, intonatzeko zailtasuna izanen duzu. 

Belarria berezkoa da edo egin egiten da? 
Belarria batez ere berezkoa da, baina egin ere egiten da.

Akordeoia taldean edo bakarka? 
Diferenteak dira, baina biak politak. Niri jotzea gustatzen zait.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun