Berriz ere gain-gainean dute aranztarrek Euskara Batzordeak antolaturiko udazkeneko kulturaldia. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 6ara bitarte, gisa guztietako ekitaldiak izanen dituzte.
Urriaren 31n dokumentala
Urriaren 31n, astelehenarekin, 18:30ean, Aritz Ganboa artzainaren erronka biltzen duen Bideak dokumentala ikusteko aukera izanen da liburutegian.
Azaroaren 1ean Baserritarren Eguna
Azaroaren 1ean eginen den Baserritarren Egunaren 26. edizioaren prestaketan ari da Ekaitza Elkartea. Goizean, frontoian eta plaza inguruan, bertako ekoizleen elikagaiak, eskulanak, aziendak, ostatua eta gazta lehiaketa izanen dira bertako musikariek girotuta. Gazta irabazlearen enkantea ere eginen dute.
Azaroaren 4an hitzaldia
Azaroaren 4an, ortziralean, Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Arantzako erabilera izenburua duen solasaldia emanen du Andres Iñigo hizkuntzalari eta euskaltzain iturendarrak. 19:00etan liburutegian izanen da.
Azaroaren 5ean antzerkia eta kantaldia
Biharamunean, larunbatean, haurrek hartuko dute lekukoa eta Oso printzesa iletsua antzerkia ikusteko aukera izanen dute 17:00etan eskolan. Ilunabarrean, 19:30ean, herriko etxeko gorapean, kultur egunei akabaila emateko, Aire ahizpak taldeak kantaldia eskainiko du.
Partxis eta mus txapelketak bukatzeko
Igandean, azkenik, 16:00etan gaztetxoentzako partxis txapelketa eta 18:00etan helduentzako mus txapelketa izanen dituzte Ekaitza Elkartean.