Mikel Urdangarin abeslariak piztuko du larunbatean Irrisarri Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 25a, 13:00
Mikel Urdangarin abeslari ezagunak piztuko du aurten Irrisarriko txondorra.

Asteburuan IrriSarri Bike Enduro 2022 kirol-proba ere eginen dute

IrriSarri Land-eko ikatz-txondorra bederatzigarren aldiz piztuko dute urriaren 29an. Ekitaldia larunbatean 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izanen da. Ikaztegiaren bidez, euskal kulturaren alorreko pertsona bat omentzen du urtero IrriSarri Landek. Aurten, Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak piztuko du txondorra, eta bere aztarna utziko du Ikatzaren Museoko enbor batean, Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martinez de Lezea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga eta Julian Iantzik aitzineko urteetan egin duten bezala.

IrriSarri Landeko lantaldeak hilabete bat eman du ikaztegia eraikitzen. Horretarako, Irisarriko basoetako 18.000 kilo egur inguru erabili dituzte, gaztainondoa eta haritza, nagusiki. Gakorik garrantzitsuenetako bat eraikuntza prozesua da, ikaztegia modu tradizionalean osatzen baita, gure arbasoek egiten zuten bezala. Sua piztu ondotik, IrriSarri Landeko boluntarioek txondorra gertutik zainduko dute itzali ez dadin, eta, horrela, abenduaren hasieran ikatza ateratzen hasiko dira. 5.000 kilo inguru lortzea espero da, eta ia guztia parkeko jatetxeetako parrilletan erabiliko da.

 

IrriSarri Bike Enduro 2022

Enduro bizikleta modalitatean aritzen diren kirolarien urteroko hitzordua ere hartuko du Igantziko bike parkeak larunbatean eta igandean. Proba parkeko zirkuituetan barrena eginen da; jaitsierako tarteak kronometratuak izanen dira, eta igoerakoak, loturazkoak. Ibilbidea seinaleztatuta egonen da eta derrigorrezkoa izanen da kaskoa, belaunburuak eta peto edo motxila erabiltzea. Ibilbideak 26 kilometro eta 1.164 metroko desnibela izanen ditu.

26 kilometroko ibilbidea izanen dute Enduro proban parte hartzen duten txirrindulariek, 1.164 metroko desnibelarekin.

Izena emateko epea zabalik dago eta parte hartzaileek kategoria hauetan eman dezakete izena: Kadeteak; Juniorrak; 23 urtez azpikoak; Elitea; 30, 40, 50, Masterra; Emakumezko kadeteak; Ebike; Emakumezkoak eta Scratch.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun