Agorlekuko gasnak eta Aialdeko sagardoak irabazi dituzte Berako Lurraren Eguneko lehiaketak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 24a, 11:00

XXXIV. aldiz antolatu zuen atzo Gure Txokoa elkarteak Lurraren Eguna Beran. Eguraldi ona lagun, jende aunitz bildu zen bertako produktuak ikustera eta erostera. 

Goizean goizetik ibili zen jendea Berako Karriketan. Merkatu Plazan barazki eta lanabesen erakusketa izan zen, eta Altzateko karriketan, aldiz, eskulangileen postuak. 34. Gasna lehiaketako eta 23. Sagardo lehiaketako epaimahaiak ere lanean aritu ziren. 

Gasna lehiaketan hamaika ale aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Agorlekuko Maite Urroz Telletxeak aurkeztutakoak irabazi zuen 400 euroko lehen saria eta Arantzako Serorenbordako Margardi Madariagak eskuratu zuen 200 euroko bigarren saria. 

Sagardo lehiaketara, berriz,  16 botila sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Aialde baserriko Alberto Otxotekok lortu zuen 300 euroko lehen saria; bigarrena, 150 euro Pilar Zubietak. 

Eguna hasteko Zubietako joaldunak ibili ziren Altzaten barrena, eta ondotik, musika eskolako talde instrumentalak, trikitilariek, Berako eta Lesakako txistulariek,  Berako Bandak eta  Irats eskolako trikitilariek alaitu zuten giroa.

Arratsaldean herriko Patxi Castillo, Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariek bertso saioa eta gaztaren enkantea egin zituzten, eta ondotik Altzateko plaza jendez bete zen mutxiko eta Iratzar taldearen erromeriarekin. 

Artisau eta eskulangileen postuez gain, ikastetxeetako ikasleek beraiek egindako produktu eta jatekoak paratu zituzten salgai ikasbidaiak finantzatzeko. Horrez gain, Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen, eta iluntzean baita gaztaina erreak ere. 

Gainera, Argiñenean etxean, Berako etxebizitzen postalei buruzko erakusketa paratu zuen Pello Irazokik, eta hori ikusteko aukera ere izan zen. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun