Valentin Lamolère eta Cristina Arbues nagusitu dira Lizuniagako 41. Igoeran

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 24a, 12:00

61 korrikalarik parte hartu zuten eta errekorretik urrun ibili ziren

Valentin Lamolère azkaindarra nagusitu zen larunbatean Beran jokatutako Lizuniagako Igoeraren 41. Edizioan. Azkaindarrak 17 minutu eta 19 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Emakumezkoetan, Cristina Arbues igantziarra izan zen bizkorrena, 23 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Biak ere, baita ondotik sailkatutakoak noski, errekorretik urrun ibili ziren. Gizonezkoena Chakib Lagchar-ek egin zuen 2019an (15’55”) eta emakumezkoena Majida Maayoufek iaz (18’30”). 61 korrikalarik eman zuten izena eta 58k lortu zuten lasterketa bukatzea. Sailkapen osoa

Gizonezkoetan, Lamolère irabazlearen ondotik, bigarren sailkatu zen Aritz Garin gipuzkoarra (17’39”)  eta lehiarik estuena podiumeko hirugarren koskarako izan zuten Beste Iruña taldeko Joseba Elizagoien narbartearrak eta Gwendal Larqué beratarrak. Azkenean, segundo bakarragatik nagusitu zitzaion Elizagoien (17’50”) Larquéri (17’51”).

Emakumezkoetan, Cristina Arbues irabazlearen ondotik, bigarren izan zen Berako Nahia Iturria (26’08”) eta hirugarren Berako Jone Olaetxea (26’35”).

Beteranoetan, gizonezkoetan Beti Gazteko Borja Garcia lesakarra izan zen bizkorrena (19’20”) eta seigarren izan zen sailkapen orokorrean. Bigarren, Gure Txokoako Joseba Lasarte beratarra izan zen (19’49”), zortzigarren sailkapen orokorrean eta hirugarren Manttaleko Josema Huizi (21’56”).

Emakumezko beteranoetan, Mari Karmen Urtxegi beratara izan zen bizkorrena (28’54”) eta Irene Matxiarena beratarra bigarren (29’12”).

Junior kategorian, Manttaleko Beñat Albisu izan zen bizkorrena (20’35”). Beintza-Labaiengoa hamahirugarren izan zen sailkapen orokorrean. Unai Susperregi bigarren izan zen (22’07”) eta Oihan Pikabea eta Joel Prendes beratarrak hirugarren postuan batera sartu ziren (25’14”).

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun