Lizuniagako Igoeraren 41. edizioa jokatuko dute Beran urriaren 22an. Gure Txokoa elkarteak antolatu du lasterketa, larunbatean 17:00etan Eztegara pilotalekutik abiatuko dena Lizuniagaraino. 4,9 kilometroko igoera izanen da, %6,6ko banaz bertzeko maldarekin. Proba 14 urtetik goitikoentzat zabalduta dago, baina iaz egiterik izan ez zituzten haurrentzako lasterketak ere berreskuratuko dituzte aurten. Hauek 15:30ean hasiko dira eta adinaren araberako ibilbideak izanen dituzte. Izen-ematea bertan egin beharko da.
Nagusien lasterketako izen-ematea, berriz, www.pb-organisation.com webgunean egin daiteke (aitzinetik 5 euro ordaindu behar da eta egunean bertan 10 euro.
Errekorrei dagokienez, 2019an Chakib Lagchar marokoarrak lehen aldiz 16 minututik jautsi eta 15' 55" marka berria ezarri zuen. Emakumezkoetan, 1995ean Maika Ariztegi iturendarrak ezarri zuen errekorra (20'18") joan den urtean erraustu zuen Majida Maayoufek, 18 minutu eta 30 segundoko markarekin. Zailagoa izanen du edonork Ariztegik proba honetan duen garaipen kopurura ailegatzea, 16 aldiz irabazi baitu Lizuniagako igoera. Norbaitek errekor hauetakoren bat hobetuko balu, 150 euroko saria izanen luke. Nabarmentzekoa da ere Batista Telletxea beratarrak edizio guztietan parte hartu duela.