XXXIV. Lurraren Eguna ospatuko dute igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 21a, 10:00

34. edizioa beteko du aurten Lurraren Egunak igandean, eta urtero bezala eskulangileak, elikadura postuak eta barazkiak izanen dira protagonista. Goizean goizetik hasi, eta iluntzera bitartean izanen da zer egin eta zer ikusi Beran. 

10:00etan hasiko da azoka, orduan irekiko baitituzte postuak, eta baita, Olakoren erakusketa ere. Ordu horretatik aitzinera, barazki eta baserriko produktuak ikusteko aukera izanen da Merkatu plazan. Horretarako, barazkiak 08:00ak eta 09:00ak bitartean eraman beharko dituzte, eta ondotik, iluntzean 18:00etatik 19:00ak bitartean hartu beharko dituzte bueltan. 

Lurraren egunean barazki eta etxeko uztaren salmenta edo dastaketa egin nahi dutenek goizeko 09:00ak baino lehen azaldu beharko dira bertara, eta bertan jarriko diete mahaira. Hala ere, eskatu dute ahal dela lehenagotik edo bezperan abisatzeko mezu bat bidaltzeko 689 706 438 zenbakira tokia gordetzeko. 

Horrez gain, 11:00etan hasita Ricardo Baroja eskolan Bortzirietako 34. Gasna lehiaketa eginen dute eta Karnaxenean 23. Sagardo Lehiaketa. Parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da, eta 10:00ak baino lehen aurkeztu behar dira produktuak Ricardo Baroja eskolara. Gazta bakoitzaren truke 15 euro ordainduko dute, eta sagardo botilaren truke 10 euro. Gazta lehiaketa irabazleak 400 euro eta txapela jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 200 euro. Sagardo lehiaketaren irabazleak, aldiz, 300 euro eta txapela jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 150 euro. 

Egun osoko egitaraua

Eguna hasteko, 10:00etan, Zubietako joaldunak ibiliko dira karrikaz karrika Iamotenetik abiatuta. Musikak ere presentzia izanen du. 10:30ean Altzateko plazako agertokian txalapartariak eta Irats eskolako trikitilariak ariko dira, eta ondotik karrikaz karrika ariko dira Iratseko trikitilariak, musika eskolako txistularien eta trikitilarien taldea, talde instrumentala eta Berako Banda. 

Arratsaldean izanen du besta segidak. 17:00etan Altzateko plazan Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Ekhiñe Zapiain bertsolariek zuzendutako sari banaketa eginen dute. 18:00etan mutxikoak izanen dira txarangarekin, eta eguna bukatzeko 19:00etan Iratzar taldearekin erromeria izanen da. 

Egun osoan talo, jaki eta edari dastatzeak izanen dira. Horretarako, Gure Txokoa Elkarteak deialdi berezia luzatu du herritarrak talogile taldean sartu daitezen. Bi txanda izanen dira, 10:00etatik 14:00etara lehenengoa, eta 16:00etatik 20:00etara bigarrena. Talogile zein bezeroen arretan edo plantxan aritzeko jendea behar dute, eta izena eman nahi dutenek lurrareneguna@gmail.com helbidera idatzi edota 626 309 438 zenbakira deitu dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun