Inongo zentzurik gabe egindako arbola mozketak salatu ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 19a, 10:00
Ibardingo bidean aizkoraz moztutako 20-25 urteko intxaurrondoa.

Azkena Ibardingo bidean gertatu da eta bi arbola moztu dituzte aizkoraz

Berako Udalak inongo zentzurik gabe egiten diren arbola mozketak salatu nahi ditu. «Ez da oraingo kontua. Aurreko urteetan ere gertatu izan dira horrelakoak, baina azken hilabeteetan tarteka zuhaitzak agertzen dira moztuak. Herri lurretan, nahiz lur pribatuetan», dio udalaren oharrak.

Berako udalak ez daki zein izaten ahal den oinarrian dagoen arrazoia ekintza hauek egiteko: «Jolasa? Apusturen bat? Kalte edo txikizioak egin bertzerik gabe? Ez diogu inongo zentzurik ikusten egia erran, eta zaila da ulertzen ekintza hauen zergatia».

Mozketa guztiak aizkoraz eginak dira. Azkena Ibardingo bidean gertatu da. Oraingo honetan 20-25 urte inguruko intxaurrondo bat eta Lawson altzifrea moztu dira errepide ondoan, atseden toki batean. Postas-era igotzen den pista inguruan ere izan dira mozketak.

Aipatu behar da ingurugiroari sortarazitako kalteaz gain, arrisku egoerak sortzen direla honelako mozketak egiten direnean, kasu honetan ibilgailuak dabiltzan errepide ondoan egin direlako mozketak.

Azkenik, Berako Udalak gogorarazi du, «zuhaitz mozketa hauek legez kanpokoak direla, eta burutzen dituztenak salatuak izan eta zigorrak jaso ditzaketela. Zaindu ditzagun gure basoak eta ingurua».

Arbola mozketak legez kanpokoak direla eta salatuak izan daitezkeela gogorarazi du Berako udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun