Oier Iruretagoiena eta Gabriele Muguruza artisten eskulturak eta marrazkiak ikusgai izanen dira Berako Labiaga ikastolako areto nagusian urriaren 22tik abenduaren 18ra, aste bukaeratan, 16:00etatik 20:00etara. Inaugurazioa urriaren 22an, larunbatean 18:00etan eginen dute.
Artisten biografiak
Oier Iruretagoiena. Errenteria, 1988. Musika esperimentalean hasi zen, eta gerora bertze formatu batzuetara zabaldu du bere jarduna, hala nola eskulturara. Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta Bartzelonako UBn, eta 2018an egonaldia egin zuen Bruselako Wiels zentroan. Berria egunkariko zutabegilea da 2020tik, eta Bilboko Le Larraskito Kluba espazioko koordinatzaileetariko bat izan zen 2011tik 2020ra.
Gabriele Muguruza. Donostia, 1992. Arte Ederretako ikasketak egin zituen EHUn eta Londresko Central Saint Martinsen. 2014an gradua eskuratu ondoren, 2015ean Increarte Masterra burutu eta Kalostra arte-eskola esperimentalean hartu zuen parte. Hainbat erakusketa egin ditu, Bartzelonako Halfhousen, Okela Sormen Lantegian, Getxoarten edo Harriak programaren baitan, besteak beste.