«Zaintzan edo zerbitzuetan gabeziaren bat sumatuz gero, jakinaren gainean jartzeko» deia egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 17a, 20:00

Hilabete honetako elkarretaratzea Lesakan egin du Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak gaur eguerdian. 23 lagun bildu dira eta, bertzeak bertze, larunbatean pentsiodunek Madrilen egindako manifestazioa, pentsioen egokitze justua, osasun eta adinekoen zaintzak eta zahar etxeetako lan hitzarmen kolektiboa izan dituzte hizpide.

Joan den larunbatean Madrilen egin zuten estatu mailako pentsiodunen manifestazioaz aritu dira gaur eguerdian Lesakan egin duten elkarretaratzean. «Kolore eta eduki aunitzetako banderak» ikusi zirela nabarmendu dute, baita «ohikoak diren aldarrikapenez gain, bertze zenbait izan zirela»: «Zerbitzu publikoetan ez pribatizaziorik ez murrizketarik; Pentsioetan eta soldatetan generoen arteko arrakalarik ez; Gerrarik ez, ez Otan, ez Putin. Baseak kanpora; Gizarte segurantzan auditoria publikoa; Gastu militarrik ez; Giza eskubideen defentsa; Bizileku duin baten eskubidearen alde; Kalitatezko osasungintzaren alde eta Bankuek itzuli ditzatela 65.000 milioiak». Baztan-Bidasoko pentsiodunen hitzetan, «errespetuan oinarritutako bizi duin baten alde, borrokan segitzeko konpromisoa» agertu zuten manifestazioa bildu ziren 20.000 bat lagunek.

Bertzalde, pentsiodunen mugimenduak oroitarazi duenez, «estatuko 2023ko aurrekontuetan bilduta dago pentsioak % 8,5 egokituko direla». Zenbakia «ez da makala» euren ustez, «baina bizitza garestitzearen azpitik gelditzen da. Pentsioak egokitze justu bat izateko 2011ko, 2013ko eta 2020ko pentsioen erreformak deuseztatzetik hasi beharko litzateke, eta aplikazioan tranparik ez egitetik». Horregatik, «aldarrikapenak oraindik bere indar guztia daukala» nabarmendu dute.

«Osasun eta adinekoen zaintzak kili-kolo»

Eskualdean «osasun eta adinekoen zaintzak kili-kolo segitzen» duela ere azpimarratu dute, «alde batetik, osasun zentroetako arretak gabeziekin segitzen dute. Bertze aldetik, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelen lanak iluntasunez beterik daude».

Nafarroako zahar etxeetako lan hitzarmen kolektiboaz ere aritu dira, «oraindik ilun» dagoela erranez. Horren harira, grebak eta mobilizazioak egitekoak dituzte Nafarroan, eskualdearen arabera egun batean, eta «Baztan-Bidasoaldean urriaren 25ean izanen dela» oroitarazi dute. Elizondon 18:00etan elkarretaratzea eginen dute eta parte hartzeko deia egin dute pentsiodunek.

Bertze hitzordu baten berri ere eman dute gaurko agerraldian. Azaroaren 3an Elizondon Adineko zaintza eta etxe inguruan izenburupean eginen duten hitzaldiaren berri, hain zuzen. Arizkunenean izanen da, 19:00etan.

Horrez gain, «zaintzan edo zerbitzuetan gabeziaren bat sumatuz gero, pentsiodunak jakinaren gainean jartzeko» deia egin dute, «gure parte hartzearekin soluzioak bilatzen laguntzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun