Osasun Bidasoa Plataformak azaldu duenez, «ospitaleko zuzendaritza tematua dago bigarren solairuko ebakuntza gela berrietan obrak egitearekin, eta horrek hainbat eragozpen sortuko lizkieke pazienteei». Gaineratu duenez, «Osakidetzako zuzendaritzak duela urte gutti birmoldatutako espazio batean berriz ere obrak egitea proposatu du. Ez dute obren planorik aurkeztu aurrekontu zehatzekin, eta, beraz, ezin da eztabaida serio bat egin irizpide tekniko egokiekin». Gehiago ere adierazi du: «Ez dute aukerarik ematen teknikoki egokiagoak eta agian merkeagoak izan daitezkeen bertze proposamen batzuekin alderatzeko».
Obrek irauten duten bitartean sor daitezkeen zaratak «beheitiko solairuan ospitaleratutako pazienteak indarberritzeko kaltegarriak» izan daitezkeela dio plataformak, baita «ondoko solairuko ebakuntzetarako arazo aunitz» sortuko lituzkeela ere.
Horren aitzinean, «ospitaleko profesional gehienek, plataformaren adostasunarekin», hauxe proposatu dute: «negoziazio mahaiak pazienteei onura haundiagoa ekarriko dieten bertze proposamen batzuk aztertu ahal izatea; eta mahai gainean datu eta konparazio gardenak jartzea, etorkizuneko proposamenik onena bilatzeko».
Horrekin batera, «anestesista, erradiologo, urologo, errehabilitatzaile eta abarretan langilerik ez dagoela» azpimarratu du plataformak: «Horrek osasun arreta larriagotu eta itxaron zerrendak areagotzen ditu».