Ortziralean Jakintza Elkarteko Paul Badiolak Lizuniagatik Kaulera bitartean aurkitu daitezkeen antzinako arrastoen berri eman zuen: hainbat trikuarri, tumulu, gisu labe, ubide eta bertzelakoren inguruan aritu zen. Solasaldia frantsesez egin zuen eta Germaine Hacala taldekideak euskaraz argitu zituen entzuleen zalantzak.
Larunbatean goizeko 10:00etan zuten hitzordua, Altzateko Plazan. 15 bat laguneko taldea Kaule auzora abiatu zen; bertan Larraina izeneko eremuan bisita interesgarria egin zuten, eta bezperan azaldutakoa eta argazkietan erakutsitako lekuak bistaratu zituzten. Erran beharra dago, Euskal Herrian eta beharbada Europan ez dagoela historiaurreko horrenbertze elementu eremu berean, normalean horrelako tumulu eta trikuarriak bakarrik egoten baitira eta hemen multzo ederra baitago. Guztiak ez daude markatuak baina duela urte batzuk Arantzadi Elkarteko Iñigo Txintxurretak egindako ikerketan plaka batzuk jarri zituen eta mapa batean adierazita daude.
Bertzalde, Bera eta Sara artean historikoki ikatza eta burniarekin izandako merkataritza-harremanaren arrastoak ikusi genituen: hainbat gisu-labe, ubidea, gisua hoztu eta gordetzeko baltsa... Errekaren inguruan eremu berean hiru esparru desberdin topa ditzakegu: gisuaren eremuaz gain, argia sortzeko zentrala eta zekaleak xehatzeko errota, zerbaitengatik zen hain garrantzitsua toki hau iraganean.
Jakintza Elkartea duela 25 Ziburun sortu zen eta beraien helburua da gure historiaren ikerketa eta zabaltzea, jakin eta jakinarazi. Egindako ikerketen lanak argitaratu dituzte, bertzeak bertze Larrun, Intzola, eta Betizuak liburuetan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!