AITOR ELEXPURU ETA ESTEBAN AGIRRE

«Nafarroako Gobernuak ia osorik finantzatuko ditu premiazko lanak»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 16a, 08:00

Aitor Elexpuru Berako alkatea eta Esteban Agirre Hirigintza zinegotzia.

Azken uholdeen ondorioz, ez-ohiko lanak egin beharko ditu Berako Udalak. Lan horiek finantzatzeko egindakoez, eta hirigintzako bertze proiektuez mintzatu dira Agirre eta Elexpuru.

Iazko abenduan eta aurtengo urtarrilean izandako uholdeek erabat baldintzatu dute Berako Udalaren jarduna. Uholdeek premiazkoak eta atzeraezinak diren bi lan egiteko beharra eragin dute: alde batetik Zalain eta Foruen plaza arteko ur-hodia berritzea, eta  Plaza Zaharreko erortzea eragin zuen kanala konpontzeko behin betiko lanak egitea. Bi lanek miloi bat euroko aurrekontua dute, eta horrek kolokan jarri ditu udalak esku artean zituen bertze proiektu batzuk. Nafarroako Gobernuarekin egindako finantziazio akordioak, ordea, arnasa eman dio udalari eta, beraz, aitzinera segituko du bere asmoekin. Aitor Elexpuru Berako Alkateak eta Esteban Agirre Hirigintza zinegotziak egindako lanen eta egiteko gelditu diren lanen balorazioa egin dute. 

Zeintzuk ziren aurten egitea aurreikusita zeuden eta gauzatzeko arriskuan egon diren obrak?

Aitor Elexpuru: Obra garrantzitsuenetako bat Eztegara Matzadarekin lotzea zen, Labiaga Ikastolaren parean Sastrako errekaren gainean zubia eginez. Obra hau garrantzitsua da Matzada aldera doan trafikoa Altzate eta Illekuetatik atera eta alde zaharreko karrika horietako zirkulazioa murrizteko. Gainera, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat egin nahi genuen Zia errekaren gainean, Angulero parean, Lizuniagatik Altzatera heldu diren txirrindulariak eta oinezkoak errepidetik atera eta alternatiba bat emanez. 

Eta zein da egun dagoen egoera?

Esteban Agirre: Obra horietarako exekuzio proiektuak dagoeneko eginak daude, eta diruzaintzako gerakina erabili behar zen finantzatzeko. Baina, uholdeek kaltetutako lana egitea premiazkoa zenez, horien finantzaketa lehenetsi eta bertzeak bertan behera utzi genituen.

A.E: Milioi bat euroko aurrekontua duten premiazko bi obra dira, Zalain eta Foruen plaza arteko ur-sareak 513.417 euroko aurrekontua du,  eta Plaza Zaharreko kanal berriak 498.000 eurokoa.

Beraz, aipatutako proiektuak geldiarazi behar izan dira.

E.A: Argi zegoen Plaza Zaharreko kanalaren behin betiko konponbidea premiazkoa eta lehentasunezkoa zela. Era berean, ezinbertzekoa da ur-sarea berritzea, Zalain inguruko etxebizitzen eta enpresen ur-hornidurak kalteturik zeudelako eta Zalaingo ur-biltegia ezin zelako sare orokorrera konektatu. Horrek areagotu egiten zuen lehendik genuen hornidura-arazoa.

A.E: Udalean lan horiei lehentasuna eman behar zitzaiela ikusi genuen, bertze obretarako aurreikusitako dirua horien finantzaketarako erabiliz. Egoera horrek erabat hipotekatzen zituen aurrekontuen aurreikuspenak, eta bertze inbertsio batzuk egiteko tarterik gabe uzten gintuen, eta horrek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa bilatzera behartu gaitu.

Zer erantzun jaso duzue gobernutik? 

A.E: Egoera hain zaila zenez, ahal dugun dena egin dugu aurrekontuak ez hipotekatzeko eta finantzaketa lortzeko. Alde batetik, Zalaindik Foruen plazara bitarteko ur-sarearen proiektua aurkeztu genuen Nafarroako Gobernuak Next Generation funtsetatik egindako dirulaguntza deialdi batera. Gure proiektua onartu dute, eta gobernuak inbertsioaren % 80 finantzatzea lortu dugu. 

«Ahalegin handia egin da finantzaketa lortzeko»

Eta Plaza Zaharreko kanaleko lanekin? 

A.E: Hasieran Txibite presidenteak erran zigun lanen ardura gobernuaren gain hartuko zutela. Hori, ordea, ezinezkoa izan da kasuistika hagitz bereziko ezbeharra izan baita. Urgentziazko lana da eta ezin izan gara Europako dirulaguntzen esperoan egon. Politikoki landu dugu gaia, eta udalak, EH Bilduko parlamentariek eta Nafarroako Gobernuko hainbat departamentuk egindako bilera anitzen ondotik, azkenean lortu dugu gobernuak finantzatzea obra osoa. Nafarroako Parlamentuan aurrekontu aldaketa bat egin behar izan dute eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak sustatuko du. 

Zein izan da horren ondorioa? 

E.A: Premiazko bi obra horien finantzaketa ia osoa lortu izanak aukera eman du premiazko obra horietarako erabiltzekoa zen dirua aurreikusitako planetarako erabiltzeko, eta, horrela, Eztegara-Matzada loturako eta bizikletentzako pasabide proiektua berriz hartzeko.  

Beran ur-horniduraren inguruan dagoen arazoaz solastatu zarete. Zer bertze ekintza aurreikusi ditu Udalak?

A.E: Berako ur-horniduraren afera arazo historikoa da. Hainbat irtenbide planteatu dira hornidura-iturri berriak bilatzeko, baina hori ez da nahikoa, banaketa-sarearen egoera ere ez baita ona. Azken urteotan hainbat hobekuntza eta inbertsio egin dira, eta horiek nabarmen hobetu dute banaketa, baina oraindik lan anitz dago egiteko.

Zein dira alor horretan egin beharreko lanik inportanteenak? 

A.E: Une honetan hiru puntu kritiko daude: Kanttonberrin, Altzaten eta Illekueta eta Legia karriketan. Gainera, zoladura berritu behar da hornidura- eta saneamendu-sareekin batera. Udalak jarduera horien memoria baloratuak egin ditu, Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planetan aurkezteko eta datozen hilabeteetan ebatziko dute deialdia. Espero dugu jarduera horietakoren batekin hasi ahal izatea. 

E.A: Ur-horniduraren arazoa gero eta handiagoa izanen da, klima-aldaketaren eraginez, eta ahalik eta neurri gehien hartu beharko dira ondorioak gutxitzeko. Obra horiei guztiei ekitea gustatuko litzaiguke, bai eta mugikortasuna hobetzeko galtzadak eta espaloiak berritzea ere. 

Hirigintzari dagokionez, Nasuvinsa alokairu sozialeko 8 etxebizitza eraikitzen ari da. 

E.A: Eraikuntzak aitzinera segitzen du, baina atzerapen txiki bat egon da, eta udazkenean amaituko dira lanak eta martxoan esleituko dira. 

A.E: Sustapenerako izena eman duten beratarren kopurua ezagutzea interesatzen zaigu; datu hori kontuan hartu ahal izanen dugu herrian alokairu sozialaren beharrak atzemateko eta Nasuvinsarekin promozio berriak lantzeko.

Aukera ikusten duzue, beraz, promozio berriak garatzeko?

A.E: Guri interesatzen zaigu ikustea Beran zenbatek emanen duten izena. Horrekin badugu argazki bat Nasuvinsari aurkezteko, eta gure beharrak zein diren errateko. Normalean udalak lurra jarri, eta Nasuvinsak eraikitzen du, baina, berriak eraikitzeko ikerketa edo diagnostiko bat egon behar da. Etorkizunean bada asmoa horrelako promozio gehiago ateratzeko. Udalak lur gutxi batzuk ditu eskaintzeko horrelako proiektuak aitzinera ateratzeko. 

2019ko datuen arabera, 1.787 etxebizitza zeuden Beran, eta horietatik 1.378 ohiko bizilekuak ziren. Horrek erran nahi du 409 etxebizitza huts daudela. Zer irakurketa egiten duzue? 

A.E: Etxe hutsak badaude, kontuan da alokairuan bizi nahi duenak arazoak dituela alokatzeko. Benetako eskaintza handirik ez dago, alokairurako etxeak aurkitzea kostatzen da. Badakigu hutsak badirela, baina, dugun pertzepzioa da ez direla gehiegi. 

E.A: Hutsik dauden etxebizitza aunitz alde zaharrekoak dira, zaharrak dira eta ez daude bizigarri gaur egun eskatzen den estandarretan. Daukagun arazoa da, sustatzaileek behin eta berriro erraten digutela alokairuko eskari gutxi dagoela. Baina nola eskatuko dute, bada, eskaintzarik ez badago? 

«Ur-horniduraren arazoa gero eta handiagoa izanen da»

Alokairu falta da, orduan,  zuen ustetan Berako gabezia handiena?

A.E: Bai. Beran lurrak badaude eraikitzeko. Lur pribatuak dira, eta sustatzailerik ez da prest etxebizitza kolektiboak egiteko. Azken bi urtetan pare bat eskaintza izan ditugu. Guk horrelako promozioak egiterakoan, babes ofizialerako etxebizitza kopuru bat eskatzen dugu, eta orduan gibelera egin dute. Udalera etortzen dira herritarrak etxebizitza berrien eske, aukera bila. 

E.A: Gaur egun familia bakarreko promozioak egiten ari dira. Joera hori ikusten ari gara, baina, udaletik pisu kolektiboen aldeko apustua egiten dugu. Berako hirigintza planak zehaztu du pisu kolektiboen kasuan etxebizitza berrien zati bat babes ofizialerako izan behar dela, eta gu ez gaude prest hori aldatzeko.

Nola ikusten duzue agintaldi honen bukaera?

E.A: Plaza Zaharreko kanala aurten bukatu nahi dugu, eta etxebizitzen esleipena ere egina egotea espero dugu. Bertze proiektuak, hala nola Zalain eta Foruen plaza arteko ur sare berria, Matzadako lotura eta Anguleroko pasabidea hasita egonen lirateke. Ur-hornidurako bertze obraren batekin hasteko asmoa ere badugu. 

A.E: Badira hainbat proiektu hurrengo agintaldirako utzi beharko direnak. Proiektu horiek zehaztuak daude eta egiteko gobernuaren finantziazioa nahitaezkoa da. Aurten ikusi dugu hagitz inportantea dela interlokuzio zuzena izatea gobernuarekin, lortu ditugun laguntzak Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren parlamentarioen bitartekaritzari esker lortu baitira. Horregatik, lan eginen dugu herritarron konfiantza irabazteko hori izanen baita herria aitzinera egiteko biderik seguruena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun