Usategietako Igandea eta bezpera ekitaldiz gainezka datoz Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 13a, 19:00

Aurten ere hainbat bisitari espero dituzte Etxalarko Usategietako Igandean.

Mus eta partxis txapelketa eta tortilla lehiaketaz gain, musika ere izanen da larunbatean

Ohi bezala, urriko hirugarren igandea berezia izanen da Etxalarren. Lizarietan eginen dituzten ospakizunez gain, Etxalarko gazteen eskutik larunbat arratsaldean eta gauean ere izanen dira ekitaldiak.

Gazteen eskutik, urriaren 15ean hainbat ekitaldi izanen dira. Larunbatean 17:00etan mus eta partxis txapelketa jokatuko dituzte frontoian. Izena ematea frontoian egin beharko da 16:30etik aitzinera. 19:00etan patata tortilla txapelketa izanen da bi kategoriatan: 16 urtetik beherakoak eta adin horretatik gorakoak. Urriaren 12a baino lehen izena eman behar zen Elutsan edo Herriko Ostatuan. Tortilla egiteko beharrezko tresnak norberak ekarriko ditu. Osagaiak patata, tipula eta arroltzeak. Tortilla apaintzea baloratuko da. 23:00etatik 01:00etara Burrunba elektrotxarangaren emanaldia izanen da ostatuen atarian.

 

Usategietako Igandea

Urriaren 16an, Usategietako igandearekin, eguraldi ederra izanez gero, Altxatak talo postua paratuko du Lizarietan. Arratsaldean, berriz, ostatua eta ogitartekoak eskainiko ditu frontoian eta musika izanen da udalaren eskutik.

 

Sasoia hasi da baina usorik ez da harrapatu oraindik

Irailaren 25ean ospatutako Usategietako tradizioaren bestaren ondotik, urriaren 1ean hasi zen sare bidezko uso ehiza tradizionalaren sasoia, baina gaur gaurkoz, ia bi asteren ondotik, oraindik ez dute bakar bat ere harrapatu. Halere, asteburuan pasa izan daitekeela espero dute.

600 urte baino gehiago dituen tradizio hau ikusteko bisita gidatuak ere martxan dira. Urtero bezala, urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan. 10:00etan izanen da euskarazko bisita eta 12:00etan gaztelerazkoa. Ordu eta erdi inguruko inguruko bisitaren prezioa 5 eurokoa izanen da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4 euro bakoitzak.

Bisitaz gain, ikus-entzunezko bat ikusi eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun