90 bat lagun bildu ditu gaztainei buruzko jardunaldiak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 12a, 12:00

Arantzako Udalak, Foresna-Zurgaia Nafarroako Baso Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta, Gaztaina eskualde atlantikoan izenburupean jardunaldia egin zuten atzo. Eskualdeko eta Euskal Herriko bertze hainbat txokotatik bildutako 90 bat lagun elkartu ziren, eta Arantzako Udalak balorazio positiboa egin du.

Argazkiak: Patxi Larretxea eta Imanol Larretxea.

Gaztaina etorkizuneko zuhaiztzat hartzeko momentua dela pentsatuz egin zuten atzoko topaketa. Goizean hainbat hitzaldi izan zituzten. Hasiera batean Arantzako Aterpean egitekoa zuten goizeko saioa, baina azkenean, Etxalarko Benta hotelean bildu ziren. Bertzeak bertze, gaztainaren gaur egungo egoera eta bere komertzializazioa, gaztainaren etorkizuna, egurraren ekoizpenean duen garrantzia, landatzeko eta eskaerari erantzuteko argibideak eta plagak eta eritasunak izan zituzten hizpide. Nafarroan dauden gaztainak berreskuratzeko esperientziei buruz ere aritu ziren, eta atzoko saiora bildutakoek Arantzan bildu eta mantendu dituzten hainbat gaztaina barietate bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten.

Arratsaldean, berriz, Arantzako Udalak herriko Argatsoro parajean duen gaztainen landaketara bisita egin zuten.

Dabid Iturria Arantzako alkateak atzoko topaketaren «balorazio guztiz baikorra» egin du, eta gaineratu duenez, «hurbildutako jende kopurua gaztainak sortzen duen jakin-minaren adierazle da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun